«Parapenteak badu bere arrisku puntua baina ez beste kirolek baino gehiago»

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 8a, 03:00

Hegan egitea dute afizioa Erik Bidegi eta Jokin Usabiagak. Parapentea hartuta zeruan bueltaka ibiltzen dira. Hodei artean hitz egitea zaila da ordea eta eseri arazi egin ditugu elkarrizketa hau egiteko

Noiz hasi zineten parapentearekin?
Erik
: Orain dela bost urte hasi nintzen. Ikastaro bat egin nuen Irunen, han dagoen eskola batean. Gainera txikitatik egin izan zait deigarria parapentea.
Jokin: Orain dela hamar edo hamaika urte hasiko nintzen. Garai hartan hasi zen jendea parapentean ibiltzen eta nik hegan egiteko gogoa nuen. Irunen zegoen eskola batera joan nintzen eta han ikasi nuen. Hala ere, eskolara joan aurretik ere parapentea erosia nuen, gauza batzuk irakurriak nituelako. Probatu nuen eta segituan joan nintzen eskolara.
 

Zer moduz dago Hernani kirol hau egiteko?
Erik
: Berez Hernanin ez dago leku bat preparatuta hegan egiteko. Inguruan Abailarri, Buruntza eta antzekoak daude, eta hemen Santa Barbaran aritzen gara, baina zaila dago, piskat bat arriskutsua da.
Jokin: Nik ez dut Santa Barbaran probatu, baina ondo egon behar du. Kontua da oso leku txikia dela, eta fin ibili beharko dela hor hegan egiteko. Alternatiba moduan ez dago gaizki, baina leku hobeak badaude.
 

Zenbat pertsona ibiltzen zarete Santa Barbaran gutxi gora behera?
Erik
: Hernanin sei edo zazpi pertsona ibiltzen gara. Normalean herrikoak izaten gara.
Kanpotik ez da jenderik etortzen?
Erik: Ez, gu gara gehiago kanpora joaten garenak. Hemen ez dago ezer prestatua. Igual Santa Barbaran zerbait egon daiteke preparatua hegan egiteko, baina kable asko daude.
 

Kirol honek arriskua ere badu ezta? Igual sustoren bat edo edukiko zenuten noizbait?
Erik
: Arriskua badauka, baino kirol bakoitzak badauzka bereak. Gainera arriskua kontrolatua dago. Hala ere noizbait izan dut sustoren bat edo beste. Adibidez, behin itsasora erori nintzen eta gaizki pasatu nuen, sokarekin trabatu eta arroken kontra ibili nintzen.
Jokin: Momentuz ez dut sustorik izan. Inoiz ez zait ezer gertatu, baina egia da kirolak bere arrisku puntua baduela. Hala ere arrisku hori kontrolatua da, eta ostia bat hartzen baduzu zure errua da, zerbait gaizki egin duzulako.
 

Zer da parapentea, hobbya edo zerbait gehiago?
Erik
: Orain hobby bat da, baino niri asko gustatzen zait. Hobby berezia da.
 

Zer egin behar da Hernanin parapentean egiten ikasteko?
Erik
: Hoberena da eskola batean kurtso bat egitea. Hernanin ez dago eskolarik, baina Donostiako Ostargin eta Irungo Bidasoa Vuelon ikasi daiteke. Nahiko azkar ikasten da, eguraldiaren kondizioek laguntzen badute. Euriak-eta konplikatu egiten dute ikasketa.
 

Ba al dago konpetiziorik hemen inguruan?
Erik
: Hemen inguruan ez, "Liga norte" izeneko konpetizioa dago, Kantabria, Euskal Herria, Huesca eta inguruak hartzen dituena.
 

Zein da orain arte gehien gustatu zaizuen lekua, kirol hau praktikatzeko?
Erik
: Ba ez dakit, leku asko daude eta politena ezagutzen joatea da. Donostia adibidez oso polita da, baina beti leku berean aritzea aspergarria da. Kostaldea orokorrean ederra da, eta hemen inguruan Abailarri ere asko gustatzen zait.
Jokin: Abailarrin adibidez oso ondo egiten da hegan eta kostaldean ere bai, Zarautzen, Orion, Ulian... leku klasikoak dira.
 

Santa Barbarak zein posibilidade ematen ditu kirol hau egiteko?
Erik
: Mendialdeko hegaldiak egiteko aukera ematen du. Haizeak orografiaren tendentzia jarraitzen duenean, eta mendiaren hegitik gora igotzean, haize hori aprobetxatuz hegan egiten da. Hala ere, Santa Barbaran lur hartzeko zailtasunak daude. Eskalatzeko bideen inguruan hartu behar da lurra normalean.
 

Ze sentsazio ematen du airean zaudenean?
Erik
: Zaila da deskribatzea. Bakoitzak bere sentsazioak izango ditu. Ni oso ondo sentitzen naiz. Parapentean aritu eta gero pentsatzen jartzen naiz eta gustora joaten naiz ohera. Kirola egin ondoren ere gozatu egiten da.
Jokin: Txute bat bezalakoa da, ez dago hori bezalako ezer.
 

Parapenteaz gain airean egiten den beste kirolik egiten duzue, delta-hegala edo parakaidismoa adibidez?
Erik
: Ez, nik ez.
Jokin: Ez, nik ere ez ditut probatu. Arrisku kirolak bai, eskalada, puentinga... Horietatik ia denak probatu ditut, baina parapentea beste gauza bat da.
 

Hobeagoa?
Jokin
: Desberdina da. Ez dakit hobea edo okerragoa den, beste gauza bat da.
Parapenteak ez du bertigorik ematen?
Jokin
: Ez, nik behintzat ez dut sentitzen. Behin airean zaudenean flotatzen bezala zaude eta ez duzu beldurrik pasatzen. Okerragoa da horma batera edo hurbiltzen zarenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!