Xabat Aizpiolea hernaniarrak Triatloneko Mundiala jokatuko du gaur Danimarkan

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 7a, 03:00

Distantzia luzeko triatlona da eta Fredericia hirian egingo da. Aizpioleak lasterketa bukatzea du helburu.

TRIATLONEKO distantzia luzeko Munduko Txapelketa gaur egingo da Danimarkako Fredericia hirian. Hernaniarrek badute beren ordezkaria, Xabat Aizpiolea bertan izango baita.
Aizpioleak Kronikari esan dioenez, Atletico S.S-tik joan dira bera eta beste bi lagun, Tolosako Egoitz eta Donostiako Imanol. Guztira 154 kilometro egin beharko dituzte: Lehenengo 4 kilometroak igeritan, beste 120 kilometro bizikletan eta azkeneko 30 kilometroak korrika.

Ibilbide luzea baina laua
Ibilbidea gogorra den galdetuta hernaniarrak zera esan du: ´Gogorra da distantziagatik, baina bestela nahiko laua da, bai korrika eta baita bizikletan ere`. Igeritan egin beharreko kilometroak itsasoan egingo dituzte, Fredericia kostaldean baitago. Bertako ura 17,5Cº-tara zegoen ostiralean (atlantikoan 23Cº-tan izan da egunotan), beraz ez dute udako ur epelik somatuko lasterketako partaideek
Hiru euskaldunak joan den astetik daude Danimarkan ´opor moduan ere etorri gara` dio Aizpioleak, baina aitortzen du gogoa duela lasterketa egiteko, martxotik ari baitira txapelketa hau prestatzen: ´nire helburua lasterketa bukatzea da, nahiko nekatuta gaude dagoeneko`, dio.
Txapelketaren antolaketa aldetik ez du inolako kejarik, alderantziz, ikusi dutenaren arabera oso ondo dagoela dio eta lasterketaz gain, ekitaldi pilo bat ere antolatu dituztela. Festa haundia izango da beraz Fredericia hirian.

Ziklismotik triatlonera
Xabat Aizpioleak ziklismoa egiten zuen lehenago, baina gero duatlonak eta triatlonak egitera pasa zen. Bera eta bere bi kideek jadanik badaramazkite sei urte lasterketak egiten, baina aurten da lehenengo aldia triatlon bat egitera kanpora dijoaztela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!