ONDOKO argazkietan ateratzen diren mutil eta neska kozkorrak haundi samarrak dira honezkero. Fagollagako eskolan aritu ziren garai batean eta gaur egun antzeko umeen guraso eta aiton-amonak izanak dira asko.
Izan ere, aurten betetzen dira ehun urte Fagollagan eskola egin zutela. 1905. urteko maiatzaren 8an, inguruko bizilagun gehienak bertan zirela jarri zuten eskola berriko lehenbiziko harria. Ondoren Inazio Santakruz aritu zen eskola eraikitzeko lanetan.
Sei urte inguru zituztenean hasten ziren umeak Fagollagako eskolan ikasten. Zaharrak eta gazteak, denak klase berean aritzen ziren eta Kasilda, Feli edo Isabelek (baita beste maistrek ere) nahiko lan izaten zuten gelan egoten ziren 40 edo 50 umeak kontrolatzen. Hala ere, zaharrenek txikienei erakutsiz lortzen zuen maistrak denentzako denbora ateratzea.
Jolasak eta kastiguak
Errekreoaren ordua izaten zen onena umeentzat. Pelotan, astoketan edo sokasaltoan, ederki pasatzen zuten eskolako umeek. Garai hartan kotxeak ere ez ziren orain bezainbeste ibiltzen eta bidera aterata baloiean jostatzeko aukera ere bazegoen.
Barrearekin batera negarrak ere bai: garai bateko eskolan kastiguak orain baino gogorragoak izaten ziren, eta Francoren garaian maistrak makila erabiltzen zuen, ikasleen behatz puntetan kolpeak emateko. Gainera, euskera debekatua zegoen eta horregatik ere izan ziren kastiguak urte haietan.
´Ni ez nian eskolara`
Ondoko argazkian sei edo zazpi urte izango zituela uste du Joxepa Lizarraldek. Fagollagako eskolaz galdetu eta segituan atera dizkigu argazki zaharrak.
Atzo izan balitz bezala gogoratzen du adibidez nola bere anaia Juanitok ez zuen eskolara joan nahi izaten. ´Ni ez nian eskolara` esaten omen zion. Joxepa negarrez hasten omen zen hori egiten zuen bakoitzean. Gero amari esan eta honek zigor batekin aurrean hartuta eramaten omen zuen gelako mahairaino.
Hamalau urte arte aritu zen Fagollagako eskolan, baina beste batzuk lehenago uzten zioten ikasteari Joxepak kontatzen digunez: ´Garai haietan behin komunioa egin ezkero morroi edo neskame edo gehienak horrela joaten ziran`. Hala ere azkeneko urteetan lotsa ere ematen omen zion eskolara joateak. ´Mehe-mehea eta luze-luzea nintzan eta maistra nik ematen nun azkenerako`.
Garai haietan egunero Cara al sol kantatu beharraz ere ederki gogoratzen da. ´Dotrina baino hobeto` ikasi behar izan omen zuten frankisten kanta.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!