Kixkal taberna pantaila haundian

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 6a, 03:00

‘Argiak, kamera eta... ekin!’. Desviados izeneko pelikula grabatu dute Gipuzkoako zenbait herritan azken hilabeteetan eta Hernanitik ere pasa da pelikularen karabana. Kixkal taberna erabili dute eszena baterako. Zinemaren magia Hernanin.

SAN Joanen ondorengo egunetan grabatu zuten Jesus Ponce zuzendariak eta bere taldeak Desviados izeneko filmearen Hernaniko eszena. Uztaila bukatzearekin batera amaitu da errodajea ere eta hurrengo urteko udaberrirako zinema aretoetan egongo da.
Kixkalekoek Kronikari azaldu diotenez, Hernanin grabatutako eszenan tabernako bezero batek barraren bestaldean dagoen zerbitzariarekin ligatzeko egingo duen saiakera azalduko da. Lortuko duen edo ez jakiteko pelikula ikustea beste erremediorik ez da izango.

Hamar orduan eszena bat
Tabernakoek esan dutenez, lekua ia kasualitatez aukeratu zuen zuzendariak, bertatik pasa eta aproposa iruditu zitzaiolako. Ekainaren 29an etorri zen filmeko ekipoa Hernanira, San Joanak bukatzean Kixkal bi egunez itxita egon zela aprobetxatuz. Errodajea dezente luzatu zen, arratsaldeko 19:00etan sartu baitziren tabernara eta goizeko 05:00ak arte ez zuten bukatu. Hamar ordu eszena bakarra grabatzeko. Pelikula osoaren errodajeak berriz, zazpi aste iraun du eta Gipuzkoan grabatu dute oso-osorik, Hernaniz gain Aia, Orio eta Donostian.

Thriller azkarra
Thriller bat da Desviados, erritmo bizian kontatua eta tentsioz betea. Jesus Ponce zuzendariak filmearekin salatu nahi izan du gaur egungo gizartean dirua eta arrakasta lortzeko jendeak duen obsesioa. Ponceren bigarren lana izango da hau, 15 días contigo-ren ondoren. Parte hartuko duten aktoreen artean berriz ezagunenak dira: Eloy Azorín (Todo sobre mi madre eta Juana la loca bezalako pelikuletan aritua) eta Oscar Jaenada (Noviembre, El juego de la verdad eta beste hainbat pelikulatan protagonista izandakoa).

Maitasuna, bahiketak eta burdinola bat
Desviados-en kontatzen den istorioak sinplea ematen du hasieran baina pelikula aurrera dijoan neurrian korapilatzen hasten da.
Gorka (Eloy Azorínen pertsonaia) Susanarekin ligatu nahiean ibiliko da pelikula honetan, eta horretarako ez hanka eta ez buru ez duen plan bat prestatuko du. Iban (Oscar Jaenada) kontratatuko du neska bahitzera dijoanaren itxurak egin ditzan, ondoren berak salbatu eta Susana bereganatzeko. Gauzak gaizki aterako dira ordea, eta neska bahitu egingo dute bien artean. Gainera ihesean dijoazela auto istripu bat izango dute eta basoan galduko dira.
Horrela iritsiko dira Luis izeneko artista batek burdinola zahar batean daukan eskultura tailerrera. Luis ez dago bakarrik ordea: izaki ikustezin bat bizi da burdinola zaharrean eta iritsi berriak diren gazteen atzetik ibiliko da. Istorioa oraindik gehiago nahasteko, burdinola horretan bertan norbait erail egin zutela jakingo da beranduago, oso modu odoltsuan gainera.

Bainet Zinema  ekoiztetxearen lana
Airbag famatua ekoiztu zuen etxe berak egin ditu produkzio lanak Desviados-en ere. Dagoeneko bost pelikulatan parte hartu du Bainetek eta arrakasta haundia izan dute, bai kritikaren aldetik baita publikoaren aldetik ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!