MIGUEL Mari Urrutiak erakustaldi ederra eman zuen atzokoan Galarreta
pilotalekuan. Saldiasko pilotariak Casino Kursaal buruz buruko txapelketan
debutatu zuen eta baita ongi debutatu ere.
Hasiera paregabea eman zion partiduari, batez ere sake bikainak egiten. Altuna
II, iazko semifinalista, ezinean ibili zen 6-16 egin arte. Hortik aurrera
Amezketako jokalariak nolabait salbatu ahal izan zuen partidua, baina ez
garaipena lortzeko moduan: ´Zuloa egin dit hasieran eta partidua maldan gora
jarri zait. Gero ondo sakatu dut eta 14-18 hurbildu naiz, baina azkenean ez dut
sake onik egin. Banekien Urrutia arriskutsua zela, baina lan gehiago emango
niola uste nuen`, zihoen Altunak.
Urrutiak guztira 12 tanto egin zituen sakez eta aurrean oso ongi ibili zen,
pelota ederki jaitsita: ´Hasieran oso ondo aurkitu dut nire burua eta ondo
sakatu dut. Abantaila horrek lasaigo jolasteko balio izan dit`.
Hurrengo partiduak
Altuna II-aren kontra irabazi eta gero, semifinaletara pasatzeko aukera
izango du Miguel Mari Urrutiak, horretarako Eizagirre-Bitoria partiduko
irabazlearen kontra jokatu eta irabazi beharko du lehendabizi.
Larunbatean izango da txapelketako bigarren partidua, Altuna I-ek Lekunberriren
kontra jokatuko du