Gerra eta bere ondorioetan oinarritutako lau kontzertu, lau igandetan

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 5a, 03:00

IIgarren Mundu Gerra bukatu zeneko 60garren urteurrena ospatuko dute ‘Gerra eta Bake akordeak’ emanaldietan. Lehen kontzertua datorren igandean emango du Gabriel Loidi piano joleak.

‘Gerra eta Bake akordeak’ izenburuarekin lau kontzertu izango dira 66garren Musika Hamabostaldiaren barruan, Chillida Leku museoan. Gabriel Loidi piano joleak; MªAngeles Rodríguez eta Luminita Duca Piano jole eta kantariak; Ricardo Sciammarella eta Eva Pereda biolontxelo eta piano jolea; eta Caden soka laukoteak emango dituzte kontzertuak. Gerrarekin zerikusia duten obrak joko dituzte eta gerraren ondorioak irudikatzen dituztenak. Aurten dira 60 urte munduko gerra bukatu zela eta hori ospatu nahi izan dute Chillida Lekuko kontzertuetan. Horretarako munduko gerraren bueltan konposatutako obrak eta orokorrean gerra eta bere ondorioen inguruan konposatutakoak interpretatuko dituzte.

´Tolerantziari omenaldia`
Luis Chillidak atzo prentsaurrean azaldu zuenez, Zabalaga barruan izango dira kontzertuak ´Tolerantziari omenaldia deritzaion obraren aurrean. Obra hori gure aitak egina da Juduak Sevillatik bota zituzteneko 500garren urtea irudikatzeko. Eta honek guztiak ere tolerantziaren aldeko aldarrikapena izan nahi du`.

Azalpen eta guzti
Lau kontzertuek azalpena izango dute aldez aurretik, jendea entzungo duenaren inguruan kokatu dadin. Kontzertuak abuztuko lau igandeetan dira. Arratsaldeko 18:00etan hasiko dira azalpenak eta arratsaldeko 19:00etan kontzertuak. Lehenengoa datorren igandean da, Gabriel Loidi piano jolearen eskutik.

Egitaraua:

Abuztuak 7
Gabriel Loidi
piano jolea
Biktimei omenaldia emanaldia izango da, lau obrak osatua: Julio Blascoren Sei interbentzio eta fuga, Milena Perisic-en Galdutako haurraren bila; Gustavo Diaz Jerezen Hiru obra pianorako bakarrik; eta Gabriel Loidi beraren Hamabi preludio.
Abuztuak 14
Mª ANGELES RODRIGUEZ eta LUMINITA DUCA
kantaria eta piano jolea
Pakeagatik kantatu emanaldia izango da bigarren hau. F. Sierra Iturriagaren Tríptico el saltamontes y la mariposa blanca obra joko dute jaialdia hasteko eta Schumann, Brahms, Poulenc, Albeniz eta Mahlerren obrak eskainiko dituzte ondorenean.
Abuztuak 21
ricardo scimmarella eta eva pereda
biolontxelo eta piano jolea
Exilioko musika eta erresistentziako musika emanaldia izango da hirugarrena. Lau obra interpretatuko dituzte: Darius Milhauden Sonata, Bohuslv Martinuren 2. Sonata, André Joliveten Gauekoa; eta Dmitri Shostakovichen Sonata Op 40.
Abuztuak 28
Cadem Soka laukotea
Azken kontzertua C. Bucataru eta D. Frances biolin joleak, M. Riquelme biola joleak eta E. Trullén biolontxelo joleak emango dute, hiru obrarekin: Kuartetoa Fa Nagusian, P. Sorozabalena; Sokarako kuartetoa euskal gai herrikoiei buruz J.M. Usandizagarena; eta 8garren soka kuartetoa D. Shostakovichena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!