Presoen isolamenduari buruzko dokumentala gaur karkaban

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 3a, 03:00

Heriotza isila Huseyin Karabey kurduak egin du. Ondoren mahaingurua izango da.

NATZA kultur elkarteak dokumental eta pelikula berezien proiekzio saioa antolatu du uda honetarako. Zine saioa hiru filmek osatzen dute eta bi dagoeneko proiektatu dituzte. Azkenekoa gaur dute jartzekoa, karkabako plazan. Heriotza isila izena du gaurko dokumentalak eta Huseyin Karabey, Turkian bizi den zuzendari kurduak egina da. Heriotza isila, Turkian eta beste herrialdeetan isolamenduan dauden presoek jasaten dituzten bizi baldintzak salatzeko dokumentala da. Ez da lehenengo aldia Huseyin Karabeyk gai honi heltzen diola. Lehenago ere Boran izeneko pelikula egina du, 1995eko errepresioan bahitu, torturatu eta desagertarazi zituzten turkiarrei buruzkoa. Turkiatik Estatu Batuetara, Euskal Herritik pasata Gaur karkaban jarriko duten pelikularen iraupena 30 minutukoa da eta bertan azalduko dira Turkiako, Euskal Herriko, Irlandako eta Italiako presoen testigantzak. Modu berean, Arizonako presondegi batean behartutako lanak egitera kondenaturik dauden emakumeen kasua ikusi ahal izango da. Filme guztian zehar aktore baten narrazioak isolamenduaz hitz egiten du. Dokumentala gaueko 21:30etan hasiko da eta horren ondoren mahai ingurua antolatu dute, presoen isolamendu egoerari buruz hitz egiteko. Mahai ingurura Hernaniko preso ohi bat gonbidatu du Natzak, bere esperientzia azaldu dezan. Jende asko, giroak lagunduta Joan den astean Radio Favela pelikula jarri zuten eta aurretik Aztibegia irrati proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten. Eguraldiak lagunduta, jende asko bildu zen filme brasildarra ikusteko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!