Uztailaren 23an bereganatu zuen txapela, Rufo de Ubarbu txakurrarekin. Bi txakur sailkatu ditu Espainiako txapelkerako.
JOSE Luis Perez Vacas hernaniarra muestrako txakurren Euskadiko txapeldun geratu da, Rufo de Ubarbu txakurrarekin. Txapelketa uztailaren 23an jokatu zen Arabako Luna erreserban, bero itzela baina parte hartze haundiarekin.
Perez Vacas-ek lau txakur eraman zituen txapelketara eta Rufo de Ubarbu izan zen kontinenteko arrazen arteko lehian garaile (txapelketa hauetan ´kontinentalen` eta ´britaniarren` artean sailkatu ohi dituzte txakurrak).
Munduko txapelketa
Txapela irabaztearekin batera Espainiako txapelketan parte hartzeko eskubidea ere irabazi du hernaniarrak eta horretaz gain beste txakur bat sailkatu du txapelketa honetarako. Espainiako muestrako txakurren txapelketa urrian jokatuko da Toledon.
Horren aurretik, ez zaio lanik faltako Perez Vacas-i. Abuztuaren amaieran hasiko dira Danimarkan egingo den munduko txapelketarako klasifikatoriak eta hernaniarrak bertan izan nahi du, izan ere, txakur bat gutxienez sailkatu nahi du Danimarkarako.
Gipuzkoako txapelketa eta kopa maiatzean
Jose Luis Perez Vacas ez zen esku hutsik joan Euskadiko txapelketara, aurretik, maiatzaren 7 eta 8an Gipuzkoako txapelketa eta kopa irabazi baitzituen, Rufo de Ubarbu txakurrarekin. Bi konpetizioak Burgoseko Cernegula herrian jokatu ziren. Txapelketan herniarraren txakurrak lortutako kalifikazioa ´Oso ona` izan zen eta kopan lortutakoa berriz ´Bikaina`. Rufo de Ubarbu izan da txakur bakarra Gipuzkoako txapelketa eta kopa eta Euskadiko txapelketa urte berean irabazi dituena.
Perez Vacas-ek etxean hazten ditu muestrarako erabiltzen dituen bere txakur guztiak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!