GEtaria-Zarautz igeriketa proba jokatu da joan den igandean eta nola ez, aurten ere hernaniar dezentek hartu du parte. Denetariko jendea izaten da: igeriketa taldeko jendea, afizionatuak... Aurten Hernaniko kiroldegian mantenimendu ikastaroan dabilen talde batek ere hartu du parte. Taldeko bederatzi kidek hasi eta bukatu zuen proba eta alai zeuden bukaeran, Zarauzko hondartzan.
Itsasoan, desberdin
Ez da gauza bera itsasoan edo igerilekuan igeri egitea: olatuak direla, gatza dela... itsasoan igeri egitera ohitu eta proba prestatzeko Donostiako itsasoan igerian aritu da uztailean, kurtso guztia igerilekuan egin duen taldea eta proba bukaeran nahiko ondo egin zutela aitortzen zuten gehienek. Hala ere ez da bromatako ibilia, 2.900 metro baititu frogak.
Alfaro eta Izagirre onenak
Igeriketa taldeko jendeak emaitza onak lortu ditu aurten ere: Peru Alfaro izan da hernaniar gizonezkorik azkarrena eta proba 30garren bukatu du 39:17ko denborarekin. Emakumezkorik azkarrena Andrea Izagirre izan da, 16garren postuan, 45:08-ko denborarekin.
Guztira 450 parte hartzaile inguru izan dira aurtengo proba nagusietan eta proba bizkaitarrek irabazi dute, bai gizonezkoen kategorian eta baita emakumezkoen kategorian ere: Gizonezkoetan Gorka Ripa izan da azkarrena, 33:52-ko denborarekin eta emakumezkoetan Cristina Rodriguez, 38:06-ko denborarekin, biak barakaldoarrak.
Gaztetxoak ere igerilari
Proba nagusiaren aurretik infantil mailako proba izan zen eta hor ere dozena erdi bat hernaniar gaztetxok hartu zuen parte. Hernaniko mutilik azkarrena Iñigo Etxaniz izan zen 08:27-ko denborarekin eta neskarik azkarrena Leire Gonzalez, 08:54-ko denborarekin.