Oporrak etorri dira azkenean eta urte osoan leku berean egoteaz aspertutako jendea hara eta hona dabil dagoeneko. Hernaniarrak kanpora, kanpotarrak Hernanira. Abuztuan metamorfosi arraro baten eraginez, denak bihurtzen gara turista.
ARRAROA izaten da Kale Nagusian edo plazan jendea argazkiak ateratzen ikustea. Hala ere, inoiz ikustekotan urte sasoi honetan ikusiko du hernaniarrak horrelako zerbait. Turistak dira, eta kamerarekin harrapatzea merezi duen zerbait ikusiko zuten, bertakoari agian arrunta eta aspergarria egiten zaion leku horretan.
Uztaileko bigarren erdian hasten dira etortzen turistak Hernanira, baina abuztuko tropela da haundiena normalean. Aurten ere Kataluniako turistek jantziko dute maillot horia gure herrian, nahiz eta madrildarrak ere dezente etorriko diren. Gainera, aurreko urteetan baino mugimendu haundiagoa dago erreserbetan, Zinkoeneako pentsiokoek Kronikari azaldu diotenez.
Nekazal turismoak ere jende asko ekartzen du herrira. Pardiola nekazal etxean esaterako topera dabiltza: ´Erotzeko modukoa da. Aurreko urtean ere ondo ibili ginen baina aurten dagoeneko ia ez daukagu gela librerik`. Kataluniarrak, nola ez, jaun eta jabe nekazal turismoan ere.
Denetariko jendea
Etortzen den jendea, mota guztietakoa da. Jazzaldiak erakarrita etorri dira mordoska bat uztailean. Donostia gertu edukitzeagatik aukeratzen dute turista askok gure herria. Hala ere, hasierako arrazoia hori izanagatik azkenean Hernani eta inguruak bisitatu eta harrituta bukatzen duenik ere badago.
Adinari erreparatuta ere denetarik. Bikote gazteak, jubilatuak, koadrilan etortzen direnak... Gehienek lasaitasuna bilatzen dute, deskantsua hartzeko lekua, egunean zehar izaten duten martxaren ondoren.
Hernaniarrak turista
Kanpotarrak etortzen diren bezala joaten dira bertakoak beste lekuetara. Abuztuan herriak abandonatua dagoela ematen du. Inor ez bistan. Mundua ezagutzeko aprobetxatzen dituzte batzuk egun hauek. Besterik gabe lasai ederrean egotera joaten dira besteak. Normalean aste baterako erreserbak egiten dituzte hernaniarrek, baina hamabost egun hartzen dituenik ere bada.
Horregatik, bidai agentziek aukera zabala eskaintzen dute, bakoitzak bere beharrak ahalik eta hoberen asetu ditzan. Leku exotikoren bat ezagutu nahi? Vietnam, Brasil edo Birmania bezalako lekuak dira aurten hernaniarrek aukeratu dituzten bitxienetakoak. Hondartza eta eguzkia nahiago agian? Mediterraneoko kostaldea, Balear uharteak edo Kanariar irlak leku klasikoak dira udaran eta aurten ere jende askok aukeratu ditu Mallorca edo Salou udara pasatzeko.
Europa barruan ere gure bizilagunak hasi dira leku berriak ezagutzen Hernani Bidaiak agentziakoek Kronikari azaldu diotenez. Kroazia eta Korsika ez dira dagoeneko hain ezezagunak hernaniarren artean. Gainera, Bilboko aireportutik zuzeneko hegaldiak jarri dituzte aurten Dubrovnik bezalako hiri erakargarrietara eta horrek asko errazten ditu gauzak, jendeak ez baitu hegazkin aldaketarik egin behar. Jende gutxiago joaten da Txina eta Mongoliara, baina eskaintza badago hala ere.
Azken orduko ofertaren bila
Oporraldiaren plazerra bikoitza izaten da poltsikoa gehiegi hustu behar ez bada. Horregatik, hernaniar askok oporretara nora eta noiz joan behar duten pentsatuta eduki arren, azken ordura arte itxaroten dute, oferta bat atera ezkero hura harrapatu ahal izateko. Hernani Bidaiak-en Brasilgo Natal eskualdea eta Sizilia gomendatzen dituzte, leku ederrak izateaz gain azken orduko eskaintzak baitauzkate hara bidaiatzeko.
Bestalde, geroz eta jende gehiagoren aukera da hegazkinerako txartela bakarrik hartzea eta lo egiteko lekuak beren kontu bilatzea. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!