1993. urtean epaitu zituzten hernaniarrak lehenbiziko aldiz intsumisioarekin zerikusia zuten kontuengatik. Azaroaren 15a zen eta epaileak urte eta erdiko kartzela zigorra betetzera kondenatu zituen soldaduska egiteari ezetz esan zioten bi bizilagun.
Ordurako modu batera edo bestera soldaduskari ezetz esan zioten hernaniarren kopurua haundia zen. Horren adierazle, 1990. urtean sortutako KEM-MOC Hernaniko Mugimendu Antimilitarista. Talde horrek urte haietan emandako datuek erakusten dutenez, 90etik 94ra bitarteko urteetan ehun intsumisotik gora zeuden Hernanin eta gazteen erdiak objezio legala egiten zuen gainera.
Soldaduska egitearen aurka mugimendu haundia egon zen bestela ere urte haietan. Aste Antimilitaristak antolatu ziren Kontzientzi Eragozpenaren Nazioarteko Eguna ospatzeko maiatzaren 15ean, Biteriko liburutegia antimilitarismoa, bakearen aldeko heziketa eta antzeko gaietaz aritzen ziren liburuz bete zen, bakearen aldeko ikastaroak antolatu ziren eta ikastetxeetan eta Molotoff Irratian informazio saioak eskaini ziren.
Garrantzia izan zuen 90. urtean sortu zen Objezioaz eta Intsumisioaz Udal Informazio Bulegoak ere, ostiraletan Biterin gai horren inguruan aritzen zena.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!