Bihar hasiko da txapelketa Galarretan Altuna II eta Urrutiaren arteko partiduarekin. Koteto Ezkurra, zortzi aldiz txapelduna, da faboritoa, baina baditu aurkariak. Galarretako arduradunek iazko maila errepikatzea nahi dute.
Bihar ekingo diote buruz buruko hogeigarren Casino Kursaal erremonte Txapelketari, Urrutia Euskal frontoiko txapeldunak eta Altuna IIgarrena, iazko buruz buruko errebelazio nagusiak. Finala irailaren 3an izango da eta bitarte horretan 11 partidu jokatuko dituzte, koadroko 10 pelotari onenek. Aurkezpen ofiziala atzo egin zuten Casino Kursaalean Donostian.
Sistema tradizionala
Iaz aldaketak izan zituen buruz buruko txapelketak, eta azken muturrera iritsi ziren lau pelotariek ligaxka jokatu behar izan zuten. Kike Elizaldek atzo azaldu zuenez, partidu gehitxo juntatu ziren azkenerako eta lesioekin arazoak izan zituzten pelotariek, buruz buruko partiduez gain, beste jaialdiak ere jokatu behar baitituzte egun hauetan. Aurten betiko sisteman jokatuko da txapelketa: partidu bakarrera, irabazten duenak aurrera eta galtzen duenak atzera. Ezkurra eta Lizaso ez beste guztiek lehen fasean hasi beharko dute eta iazko bi finalista hauek finalaurrekoetan sartuko dira.
Iazko maila gogoan
Juan Antonio Erzilla Galarretako arduradunak atzo azaldu zuen konformatuko liratekeela aurtengo txapelketak iazko maila izatearekin. Partidu gehienak borrokatuak izan ziren iaz eta finala gogoan hartzeko horietakoa. Hasieran kritikak izan bazituen ere, buruz buruko txapelketa hau txapelketa nagusia bihurtu da, Erzillak nabarmendu zuenez: ´pelotaria bakarrik baitago kantxan eta bere dohainak eta puntu debilak gehiago nabarmentzen dira hor. Hortik dator buruz burukoaren arrakasta`.
Faborito Koteto Ezkurra izango da aurtengo edizioan ere, baina, badu hezur gogorrik: Iñaki Lizaso da nagusia, iaz ere erakutsi baitzuen bere herrikideari irabazteko izan litekeela. Eizagirre da bestea, orain bi urte berak irabazi zion Ezkurrari finala, aurten lesio batetik irteten ari da ordea eta ikusi beharko da zein mailatan heltzen den. Eta Zeberio IIgarrena da hirugarrena, lehen ere finala jokatua eta buruz bururako gaia baduena.
Etxabe lesionatuta
Aurten txapelketa jokatu ezingo duena Jokin Etxabe Hernanin bizi den azkoitiarra da. Lesionatua daramaki denbora dezente Etxabek, eta laster kantxaratuko bada ere, ez txapelketarako.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!