GOIZEAN jeikita jende asko inguratu zen atzo Santa Barbara gainera, San
Inazio eguneko festara. Eguraldi atsegina atera zuen goizetik eta batzuk
taka-taka eta besteak Elutxetaraino kotxean joanda, herritar askok bixita egin
zion atzo Santa Barbara mendiari. Urtero bezala meza izan zen lehenengo Santa
Barbarako ermitan eta ondoren Indio eta Atarrabiyori omenaldiak eta Herri
Kirolak izan ziren. Bitarte guztian Solano eta Beasain trikitilari ereñotzuarrek
alaitu zuten giroa eta Iñaki Zelaia eta Antton Garin aritu ziren bertsotan.
Bazkaria eta bertso saioa
Bazkaltzera erretiratu zen gero jende gehiena baina, asko izan ziren hala
ere bertan bazkaltzen gelditu zirenak. Bazkal ostean Garin, Zelaia, Osa eta
Larra aritu ziren bertsotan eta han parre batzuk eginda, toka jokua eta
umeentzako jolasak izan zituzten.