Aurtengo San Inaziotan trikitixa dantzari bultzada berezi bat eman nahi diote
antolatzaileek, eta Xabier Solano eta Jon Mari Beasainek izango dute ardura
hori. Ia 15 urte egin dituzte elkarrekin jotzen. Erromerietan aurrena, biak
bakarrik, eta Etzakit taldean gero. Gazte mailan, 15-16 urterekin Euskal Herriko
txapeldun gelditu ziren bi urtetan, eta beste 10 txapel ere badituzte. Etzakit
taldea sortu zuten gero. Orain bakoitzak bere proiektuak ditu eta oso-oso
noizean behin jotzen dute elkarrekin plazan, eta gaurkoa da egun berezi
horietako bat.
Solanok eta Beasainek pieza herrikoiak eta dantzarakoak joko dituzte gaur.
«Jendea datorrela dantzarako gogoarekin, bestela gu alperrik gaude» adierazi du
Solanok. Beasainek, berriz, dio jendeak ez izateko nekatu beldurrik, «sagardoa
bezala joko ditugu piezak, motzak eta maiz». Erromerietan dantza egiteko joera
galtzen ari dela onartu arren, Jon Mari Beasain pandero joleak uste du horri
buelta eman dakiokeela: «Azken batean hori kultura kontua da eta berreskuratu
liteke. Aurten Ereñotzun berbena batean, baina, gertatu da hori». Solano soinu
joleak, konplikatuxeagoa ikusten du kontua: «Gaur egunean gazteek ez dakite
dantzan, eta hastea ere lotsa ematen die. Errexagoa ikusten dut erromeri giroa
bizi izan dutenek berriz giro hori piztea, gazteek buelta ematea baino».
Hasiera berri bat?
Santa Barbaran elkarrekin jotzeko idea ordu txikietan iritsi zitzaien Solano
eta Beasaini. Martindegiko jaietan, dena esatera, Etzakitek azken kontzertua
eman zuen auzoan, hain zuzen ere. Berriz biek erromerietan hasteko asmorik ba
ote duten galdetuta, ez dute ezezkorik esaten, baina, ezta baiezkorik ere. «Bai
buruan badabilkigu eta hitz egin izan degu, baina, gero bakoitza bere proiektuan
ari gera lanean, eta ez gera behin ere serio jarri. Ikusiko dugu. Izaten dugu
biok elkarrekin jotzeko gogoa, eta gaurkoa bezalako egunek, alde horretatik,
mono hori kentzeko balio dute».
Disko berriak bidean
Etzakitekin bi diska atera eta hainbat plaza pasa ondoren, Jon Mari Beasain
Mal de ojo taldearekin dabil gitarra jotzen. Runba talde bat da eta dio erritmo
aldetik flamenko mota batzuk eta fandangoak badutela antzekotasunik. Oso gustora
dabil proiektu horretan eta abuztuan disko berri bat grabatzen hasiko dira,
Durangoko azokarako ateratzeko asmoz. Xabier Solanok Lau Itzal taldearekin bi
diska atera ditu, Fermin Muguruzarekin mundu jira egin du, eta orain The
Solano´s talde berrian jotzen du. Irailean diskoa grabatzen hasiko dira,
Durangorako.