PORTUKO San Joan txikitako ekitaldi izarra izango da gaur arratsaldean, 54garren asto karrera. Auzotarrek izango dute asto gainean ateratzeko aukera, beren disfraz eta guzti. 1935ean, egin ziren lehen festak eta lehen asto karrera Portun, eta orduko hura Pedro Aristregi Goiarrok irabazi zuen, Karabelera joan eta buelta. Gerra osterarte ez zen festarik izan gehiago Portun, baina, 1941-42 inguruan hasi ziren berriro eta orduz geroztik urtero egin izan dira, Balantxako familia perretxiku txarrak janda hil zeneko urtean ez beste. Beraz, 54 asto karrera baino gehiago behar dute Portun, baina, denak kontatu gabe egongo dira.
Asto karreraz gain, egitarau zabala da gaur, gaupasero eta jaiki berrientzako batxuri-zopa eta guzti. Umeentzako ekitaldi gehiago, mus txapelketa eta Laiotz taldearekin dantzaldia ere izango dira.
Umeen gozatua atzo
Txupinazoak Hernani guztian zabaldu zuen festak hasi zirenaren abisua atzo eta umeek gozatu ederra hartu zuten buru haundiei ihesi. Batzuk malkotan hartu zituzten, baina, izan zen asko beldurtu ez zenik ere. Hortik aurrera denentzako festa izan zen eta lorontzi txapelketak eta sardina janak arrakasta haundia izan zuten atzokoan ere. Atzoko dantzaldian Izotz talde hernaniarra izan zen.
Bihar euskal festa
Biharkoa izango dute azken eguna Portuko festek eta egun osoa euskal jaialdi modukoa izango da. Ekitaldi jendetsuenetarikoa bihar eguerdiko sagardo dastaketa izango da. Antolatzaileen esanetan gero eta jende gehiago hurbiltzen da: ´Duela bi urte 250 baso eskatu eta bukatu egin ziren, iaz 300 baso eskatu genituen eta aurten 350 eskatu ditugu`. Eguerdiko 12:30etan bertso eskolako kideen emanaldia izango da eta toka txapelketa ren ondoren auzoko bazkaria, limoi eta txanpain sorbete eta guzti, urtero bezala.
Arratsaldeko 18:00etan, Ttarla dantza taldearen emanaldia izango da eta segidan herri kirolak: Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko lehia eta Miren Urkiola bizkaitar harri jasotzailea. Gauean Etxabe Anaien triki doinuak girotuko du festa amaiera: zezen suzkoa, koloretako suziriak eta azken trakarekin.
Lorerik politenak Amaia Aldalurrenak.
Lorontzi txapelketa Amaia Aldalurrek irabazi zuen atzokoan. Bigarren Antonia Prado geratu zen eta hirugarren postuan Mari Paz Armañanzas. 19 parte hartzaile eta 21 lorontzi aurkeztu ziren txapelketara.
wGaur, larunbata
08:00 Egunsentia, 70-CLBeko suzirien jaurtiketarekin.
08:30 Batxuri-zopa goiztiarrentzat.
11:00 Haur jokoak.
12:00 Patxin eta potxin pailazoak.
16:00 Mus txapelketa ‘Shangay’ tabernan.
16:00 Umeentzako tailerrak.
18:00 LIV. Asto Lasterketa.
Ondoren Zinta lasterketa izugarrizko opariekin.
Segidan Denak afaltzera gauerako indarrak hartzeko.
24:00 Dantzaldia ‘Laiotz’ekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!