Gaurko egunez Santa Barbara gaina festa leku da joan deneko 60 urte baino gehiagoan, eta gaur ere ez da faltako ikusmira eta zertaz gozaturik. Morkaiko kultur elkarteak antolatzen du jaia eta festari hasiera herrian bertan emango dio. Txistulari eta dultzaineroak diana joko dute kalean barrena, goizeko 10:00etan. Santa Barbaran ere goiz hasiko da jaia. Xabier Solano eta Jon Mari Beasain trikitilariek 10:30etan ekingo diote eta egun osoan arituko dira.
Soinu jole eta pandero jole ereñotzuarrek denbora daramakite elkarrekin plazan trikitixa jo gabe, bakoitza bere bidean, eta gaur Santa Barbaran bilduko dira berriz. Itzulera ez ezik, etorkizuneko proiektu berri baten hasiera ere izan liteke gaurko erromeria.
Santa Barbarako jaietan Bernardo Astiazaran Indiok eta Joxe Ramon Almarza Atarrabiyok urtero jasotzen dute omenaldia, eta gaur ere izango dira bien aldeko ekitaldiak. 11:00etan, Indio zenaren aldeko ekitaldia egingo da, bizia galdu zuen lekuan, eta 11:45etan bieri egingo zaie, Ermita barrenean dagoen oroigarriaren aurrean.
Eguerdiko 12:10etan, berriz, San Inazioren omenezko meza izango da Ermitan, Manuel Odriozola apaizak emana. Ondoren, 12:45ak aldera, bertsolariak arituko dira gai librean kantari: Antton Garin, Estitxu Eizagirre eta Iñaki Zelaia.
Herri kirolak: bost urteko arrakasta bertako jendearekin
Santa Barbarako jaian herri kirolak dira azken bost urteotan ikuskizunik garrantzitsuenetakoa eta aurten ere ez dute huts egingo. Herriko eta inguruko sei gazte arituko dira lau probatan: aizkoran, trontzan, txinga eramaten eta, aurten aurreneko aldiz, sokatiran. Jon Larrañaga Zamalbidekoa, Aitor Barrenetxea Martindegikoa, Gorka eta Jexux Ezeiza aranoarrak eta Daniel eta Julio Lukanbio arantzarrak arituko dira, bi taldetan banatuta elkarren kontra.
Herri kirolak ez dira noski berriak Santa Barbaran San Inazio egunez. Baina, tankera diferenteetako ikuskizunak antolatu izan dira. Joxe Antonio Tapia, Juan Migel Larrebide eta beste batzuk ibili ziren orain dela urte asko. Aizkolari profesionalak ere urte dezentetan izan dira: Olasagasti, Arrospide... Azken urteotan antolatzaileek beste saltsa bat eman nahi izan diote ekitaldiari, eta berriz ere bertako jendearen arteko lehia eraman dute plazara. Eta bistan da exitoa izan duela. Kirolariek egurra latza hartzen dute, bai beroagatik eta baita inork atzean gelditu nahi ez duelako ere.
Behar bada, Ereñotzu eta Martindegi artean jokatutako apustu hura izan zen berriro idea berritu zuena. Joxe Antonio Tapia, Juan Migel Larrabide, Imanol Paolla, Antton Guardi, Roxario Pikabea eta Andoni Artetxe aritu ziren lehenengo aldi hartan, 2000garren urtean. Geroztik jende gehiago pasa da, eta batzuk utzi ere egin diote horrelako gauzetarako edadea joan zaiela iritzita.
Herri kirolen ondoren bazkaria izango da. Bazkalondoan, bertsolariak, lagunarteko toka txapelketa, ume jolasak eta txokolatea denentzat. Iluntzean herrira buelta.