Musika estilo desberdinak eta euskerazko hitzak, Bartzelonako kokteleran nahastuta

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 29a, 03:00

‘Bat gehio’ taldearen kontzertua izango da gaur Milagrosan, 22:30etan, Morkaiko taldeak antolatuta. Bartzelonatik datorren taldea da ‘Bat gehio’ eta estilo desberdinetako musikari asko elkartzen ditu, gehienak euskaldunak. Entzuteko kontzertua izango da gaurkoa, dantzarako aukeraren bat ere izango den arren.

Lau urteko martxa Lau urte inguru dira Bat gehio taldea sortu zela: ´Bartzelonan Euskal Etxea eta inguruko beste taberna batzuetan ibiltzen ginen euskaldunak elkartu ginen, batek instrumentu bat jotzen zuela, besteak beste bat... eta gure artean entsaiatzen hasi ginen`. Hori izan zuen hasiera Bat gehio taldeak beraz, eta lehenengo diskoa grabatu aurretik elkartu zitzaizkien Aretxabaleta, Amurrio, Egia eta Aranokoari Kataluniako musikariak eta Menorkako kide bat. Orain 9 kidek osatzen dute taldea, Hernanin 6 ariko badira ere. Mugarik gabe Estilo jakin bat ez du lantzen Bat gehio taldeak, Kronikari esan diotenez. Musikari bakoitza mundu desberdin batetik sartu da taldean eta guzti horren nahasketa da: ´pop, bosanoba, flamenkoa, jazza... guk ez diogu mugarik jartzen musikari. Orain artean kantu bakoitzean zentratu izan gara musikaren estiloari begiratu gabe: kantuak pisua badu ona da guretzat`. Hainbeste estilo uztartzea ez zaie zaila gertatu hala ere Bat gehioko kideei: ´erraza da hainbeste estilo uztartzea, aurretik mugarik jartzen ez bada`. Euskerazko letrak Bartzelonan sortutako taldea bada ere, euskerazko letrak ditu ia denak Bat gehio taldeak. Tartean baditu katalanez edo gazteleraz ere letra zatiren batzuk hala ere. Izan ere Bartzelonan bizi diren euskaldunak izan ziren taldea sortu zutenak eta orain ere gehienak hala dira. Kontzertuak Euskal Herrian Gaurkoa ez da Euskal Herrian emango duten lehenengo kontzertua eta ezta azkena ere. ´Katalunian baino kontzertu gehiago ditugu kasik Euskal Herrian. Ez da erraza, Bartzelonatik honaino hainbeste kide etortzeak diru asko suposatzen baitu, baina, dirurik ez galtzeko modurik bada, mugitu egiten gara, irabazirik izan ez arren` esan diote Kronikari. Gaurko kontzertuaz gain, hitzartuak dituzte abuztuan Aretxabaletan eta Zestoan eta beste bat Kilometroetan, besteak beste. Diskoei dagokienez badituzte bi: Bihar agian eta Diaspor han. Etorkizunari begira kanta berriak egiten ari dira, baina, oraindik ez dute disko berrietan pentsatzen. ´Orain zuzeneko kontzertuak ditugu helburu eta zuzeneko potente bat landu nahi dugu, leku desberdinetarako egokitua` Entzuteko kontzertua Gaur Hernanin zer eskainiko duten galdetuta, Bat gehioko kideek diote entzuteko kontzertua izango dela batipat: ´kontzertu akustikoa emango dugu, esan digutenez aretoak ere hala eskatzen baitu. Hala ere momentu erritmikoak ere izango dira kontzertuan, inor animatzen bada dantza egiteko ere`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!