BERTSO eskolako kideak atzo atera ziren Eulatera, Nafarroara, astebete pasatzera. Guztira 20 bat lagun joan dira Bertso Eskolak antolatu dituen udaleku hauetara, hernaniarrak eta añorgarrak. Bertan pasako duten astebetean ez dira bertsotan bakarrik ariko, jokoak, ibilaldiak eta beste hainbat aktibitate ere egingo dituzte. Frontoia ere badute inguruan eta putzua Zudairen, beraz ez dute aspertzeko denborarik izango. Bertsoari dagokionean saio bereziak eta txapelketak egingo dituzte: bertso tramak, beldurrezko bertso saioa, eta abar.
Irabazle eta galtzailerik gabeko jokoak
Bertso Eskolako arduradunek adierazitakoaren arabera, udaleku hauen helburua da Bertso Eskolako kideak elkar hobeto ezagutzea eta talde giroa sendotzea. Hori dela eta udaleku hauetan proposatutako dituzten jokoak ´irabazlerik eta galtzailerik gabeko jokoak` direla azaldu dute arduradunek.
Begirale eta ikasleen arteko diferentziarik ere apenas egiten dela ere adierazi dute: ´ 9 eta 26 urte arteko lagunak goaz udalekuetara, eta denak goaz oporretara eta ondo pasatzera. Lanak denon artean egingo ditugu, baita sukaldekoak ere eta denon artean elkar zainduko dugu` azaldu dute.