hernaniko Udalak, 1910garren urtean araudi bat kaleratu zuen herriko danbolinjoleek bete beharreko kondizioak zehazteko.
Hamasei puntuko arautegi horretan denetarik dago. Danbolinjolearen helburua jaiak alaitzea dela esaten da lehenbiziko puntuan, horretarako jai egunetan arratsaldez joaz, baita alkateak esandako egunetan ere.
Bigarren puntuak zehazten du goizeko bederatzietan hasi behar dutela jotzen danbolinjoleek plaza nagusitik eta ondoren kaleak zeharkatuz.
Danbolinjoleek garrantzia handia zuten herrian zazpigarren puntuak erakusten duenez, jo behar zuten egunetan herritik ateratzea galerazten baitzitzaien. ´Inolako aitzakiak` ez zuen balio egun horietan herritik ateratzeko.
Musikari taldea hirukoa izango dela zehaztu ondoren, bakoitzaren soldata arautzen du dokumentu honek. Honela, badakigu danbolinjole buruak 500, bigarrenak 300 eta atabalak 200 pezeta kobratzen zituela garai hartan.
Azkeneko puntuak ere badu bere grazia. Honela dio: ´Musikari juglareek lagunarte txarren artean ibiltzea saihestu beharko dute eta edanaren zaletasunari kontra egin`.
Antxon Aguirre Sorondo historialariak ´Hernani eta hernaniarrak` liburuan dioenez arautegi hau beste udaletxeek ere (Errenteriakoak besteak beste) eredu bezala erabili zuten ondorengo urteetan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!