‘Paisaje de Hernani’ koadro inpresionista

Kronika - Erredakzioa 2005eko uztailaren 25a

gutxitan egin dira ezagunak Hernani irudikatzen duten koadroak. Agian denetan fama handiena lortu duena Dario de Regoyosen Paisaje de Hernani da. Inpresionismotik gertu dagoen koadro hau gaur egun Madrilgo Thyssen museoan dago. Egileak, Asturiasen jaio bazen ere, tratu handia izan zuen Euskal Herriarekin, batez ere 1890etik 1911ra Donostian bizitzen egon zen denboraldian. Egonaldi horren erakusle dira Hernaniz gain Irun, Durango, Areeta edo Bilbori eskainitako koadroak. Paisaje de Hernaniri buruz, esan behar da negu aldean egindakoa dela, atzeko mendiak (seguruenik Adarra) daukan elurragatik. Kritikoen ustetan margolariak bere garairik onenean egin zuen lana, argia eta kolorea dotore uztartu baitzituen. Gainera, oso kontuan hartzekoa da Regoyosek ez zuela herriaren alde monumentalena margotu, etxe txikiak eta Hernaniren sarrerako zubian zebiltzan emakumeak baizik. Bide batez, esan beharrekoa da beste koadro askotan ere, eta bereziki euskal paisajeetan, emakume langile eta bakartiak marraztu zituela Ribadesellan jaiotako margolariak. Antza, koadroa margotu eta segituan bere lagun batek eraman zuen. Hori dela eta, Dario de Regoyos bizi izan zen bitartean ez zuten koadro hau inongo erakusketetan aurkeztu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!