Astean zehar 30 adineko hartzen ditu Eguneko Zentroak eta asteburuetan 12 lagun.
Ongintza Patronatu barruan dagoen Eguneko Zentroak ISO 9001/2000 ziurtagiria jaso berri du ´Hirugarren Adinekoei eskaintzen dion arreta zerbitzuaren kalitate ona dela eta`. Duela zenbait hilabete Zaharren Egoitzako zerbitzua izan zen saritua eta orain Eguneko Zentroak jaso du saria, ISO ziurtagiri hori.
´Langile guztiek egiten duten lan ona saritzen du`
Andoni Amonarraiz, Ongintza Patronatuko Lehendakariaren hitzetan, ´Patronatuko langile guztiek egiten duten lan ona saritzen du ziurtagiri honek eta baita Udalak azken urteetan gure zaharren ongizatea hobetzeko egin duen esfortzua ere`. Bestalde, Ongintza Patronatuak jakitera eman du hernaniarren artean egindako inkesta batean, Zaharren egoitzak 5etik 4, 16ko puntuazio jaso duela, ´Gipuzkoako bataz besteko 3,96aren gainetik`
Egunean zeharreko zerbitzua
Eguneko zentroak, familian bizi diren edo nahikoa laguntza duten adinekoei eskaintzen die zerbitzua, egunean zehar. Autonomia osorik ez duten adinekoei zuzendutako zerbitzua da, alegia, laguntza behar dutenentzat. Adineko hauek beren etxeetara bueltatzen dira gero gaua pasatzera. Zerbitzu honekin beharrezko arreta izango du pertsona heldu horrek eta familiak atsedenerako beta ere izango du, Ongitza Patronatutik nabarmentzen dutenez ´adinekoek etxean jarraitzea errazago izan dadin`
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!