Herriko gazta eta sagardo probaketa goizean eta oilasko jatea gauean, Aranon

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 23a, 03:00

Santio Jaietako bigarren eguna da gaur Aranon, eta aurtengo festetako nobedade nagusia izango da gaur eguerdian, 12:00etan: Arano bertako gazta eta sagardo probaketa. Urtero egiten dute ekitaldi bereziren bat eta aurten herriko produktuak kalera ateratzea pentsatu dute. Protagonistek oso gustora hartu dute idea. Aranon, gaur egunean, zazpi baserri dira sagardoa eta gazta egiten dituztenak: Ezkerranbordan, Lontxonbordan eta Martzenekobordan biak egiten dituzte; Larreanbordan eta Beltsokobordan gazta egiten dute; eta Larretxurin, sagardoa. Neurri txikiko produkzioak dira, eta gehiena etxerako egiten dute, baina, inguruan ere partitzen dute. Estimazio haundiko gazta eta sagardoa egiten dute gainera Aranon, «beste hainbeste eginda ere, enpleatuko genuke» esan dio Ana Marik Kronikari, baina, ez dira hortik bizi, kapri-txoz eusten diote ofizioari. Oilasko jatea, gaur, elkartean Nobedade honetaz gain, Aranon ohitura diren ekitaldiak ere ugari izango dira festetan. Horien artean, Aranon sona eta tradizio haundia duena Oilasko jatea da (pollada beraiek esaten duten bezala). Gaur gaueko 22:30etan izango da eta elkartea bete egingo da, bertan bizi diren herritarrez eta baita Aranon jaio baina orain han bizi ez diren herritarrez ere. Afalostean Etxabe anaiekin erromeria izango da goizalderarte. Igandean, berriz, dultzaineroen dianarekin hasiko da eguna eta ondoren meza izango da. Ondorenean, gazteen pelota partiduak izango dira. Arratsaldean Gorritiren show-a eta txokolatada egingo dituzte. Eguna bertso antzerkia eta Imuntzo eta Belokirekin bukatuko da igandean. Santio eguna eta San Joakin eta Santa Ana eguna Astelehenean izango da Aranoko jaietako egun nagusia. Txistulari eta dultzaineroen dianarekin hasi eta gero, meza nagusia ospatuko da. Meza ondorenean, Aranoko beste ohitura zahar baten txanda izango da: Arano eta Goizuetaren arteko pelota partidua. Arratsaldean Herri Kirol erakustaldia eta bertso jaialdia izango ditu Aranora inguratzen denak. Bukatzeko Tapia eta Leturia. Asteartean, Jubilatuen eguna izaten da Aranon, eta beraientzat bereziki hamaiketakoa eta bazkaria izango dira. Hamaiketakoa kontzejuan eta bazkaria Herriko Etxea ostatuan. Tartean diana, meza eta Pelota partiduak. Bazkalostean, berriz, Imanol Lazkano eta Joxe Agirre bertsolariak ariko dira, berez nahiko alaia izango den giroa alaitzen. Errematatzeko trikitilariak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!