Elebidun kopuruak gora egin du Hernanin 3garren Mapa Soziolinguistikoaren arabera

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 9a, 03:00

AURTEN kaleratu berri du Eusko Jaurlaritzako kultura sailak Hirugarren Mapa Soziolinguistikoa. Bertan azaltzen dira 1981-2001 arteko euskara jakintza eta erabileraren datu guztiak, baita Hernanikoak ere.
Mapak dioenez, Hernanin elebidunen kopurua igo egin da: 1981ean, hernaniarren %40,2ak zekien euskaraz eta 2001ean (mapak neurtzen duen azkeneko urtea) %54,7ra igo zen kopuru hori. Elebidun hartzaileak berriz %14,7 dira, baina sektore hau ez da batere igo 1981garren urtetik.
Auzoei begiratuta, inguru euskaldunena ´landa eremua` da askogatik, honi jarraitzen diote Santa Barbara auzoak eta Kaxkoak. Maparen arabera, zonalde erdaldunenen artean berriz daude: Lizeaga eta Portu auzoak. Dena den, Mapak ez du azaltzen auzoak zein irizpiderekin bereizten dituen.
Gipuzkoako batazbestekoarekin konparatuta, Hernanin euskararen egoera hobexeagoa dela ikusi daiteke: gipuzkoarren %51,49a da elebiduna. Euskal Herri osoaren batazbestekoa berriz askoz bajuagoa da: %25,38a da elebiduna.

Euskaldun berrien igoera nabarmena
Elebidunek izan duten igoera haundia euskaldun berrien bultzadagatik izan da. Euskaldun berriak Hernaniko biztanleen %3,5 ziren 1981ean eta 2001ean %10,8; zazpi puntuko aldea beraz. Dena den, azkeneko urteetan euskaldun berrien igoera ez da hainbestekoa izan. Euskaldun zaharren kopurua berriz, apenas igo den azken urteetan.

Etxeko erabilera: goraka ez dijoan bidea, euskararen mapan

SOZIOLINGUISTIKA mapak etxeko erabilera ere neurtzen du. Ezin da esan euskararen erabilera elebidunen kopurua bezain beste igo denik. 2001ean hernaniarren %29,1ak soilik egiten zuen euskaraz etxean. Hamar urte lehenago %27,4ak egiten zuen hizkuntza horretan; beraz, bi puntu eskas igo da erabilera, nahiz eta elebidun kopurua hamar urtetan 6 puntu baino gehiago igo den. Horrek esan nahi du, erabilera, jakintzaren azpitik ari dela igotzen, eta oso gutxi igo gainera.
Horretaz gain beste datu batzuk azaltzen dira: Hernaniko bizilagunen %16,4ak bi hizkuntzetan hitz egiten zuen 2001ean etxean, bai euskaraz eta bai erdaraz, aldian aldiro. Gainerakoak, %55,5ak, erdara hutsean egiten zuen.

Umeek eta zaharrenek gehien
Hiztunen adinari begiratuta, umeek eta zaharrenek egiten dute gehien euskaraz etxean. Gutxien egiten dutenak 50-54 urte artekoak dira (%23,9), baina 20 urtetik 35era bitartekoek ere oso gutxi hitz egiten dute euskaraz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!