Dibertsioa paladaka Urumean

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 23a, 03:00

Udara garai aproposa izaten da jendeak urtean zehar egin ezin dituen kirolak egiteko. Futbola, pelota eta besteak gure artean nagusi diren arren, beste mota bateko kirolak egiteko ere aukera ederra dago etxe ondoan. Uztailean eta abuztuan piraguismoko ikastaroak antolatu dituzte Urumean. Probatu nahi?

Hernaniar gehienek udaran bakarrik jotzen dute Urumea ibaira, berotik ihes egiteko asmoarekin. Bainatzea eta arratsaldea freskotasunean pasatzea eskatzen diote gehienek errekari. Hala ere, badago hori baino gehiago nahi duenik eta ibaia kirola egin eta bide batez emozio gogorrak bilatzeko erabiltzen dute: piraguistak dira. Urumea oso leku aproposa da piraguismorako, Fagollagako presatik gora dagoen zatian batez ere. Zikuñaga aldean ere txoko ederrak eskaintzen dizkio ibaiak kirol hau egin nahi duenari. Hala ere aukeran jende gutxi ibiltzen da bertan Kaxkardi Kirol Elkarteko Marijo Arrietak dioenez: ´Normalean ni eta lagun batzuk ibiltzen gara eta pena da, instalazio onak daudelako`. Gipuzkoako beste herri batzuetan indartsuago dabil piraguismoa Arrietak esaten duenez. Tolosan adibidez, orain dela lau urte hasi zen bera ikastaroak ematen eta batelean aritzeko taldeak antolatzen. Emaitza onak izan dituzte, aurtengo San Juan jaietan hogei batel ateratzea lortu baitute. Gainera urte osoan zehar jende dezente ari da entrenatzen. Horregatik, piraguismorako afizioa sortzeko ikastaroak antolatu dituzte udararako. Uztaileko ikastaroak aurreko astean izan dira, baina abuztuan ere, hilaren 8tik 13ra bitartean nahi duenak izango du aukera lehenbiziko paladak ematen hasteko. Parte hartze handia iazko ikastaroetan Zortzi urtetik aurrera adin guztietako jendea apuntatu izan da aurreko urteetan kurtso hauetara. Batzuetan gurasoak beren seme-alabekin batera apuntatzen dira gainera, familian beste era batera dibertitzeko modua bilatuz. Nahiz eta urtean zehar jende gutxi aritzen den piraguismoan, udaran antolatutako ikastaroek arrakasta handia izan dute aurreko urteetan ere. Iaz adibidez, sei talde osatu zituzten eta guztira bostehun pertsona inguru aritu ziren udara osoan Urumean gora eta behera. Ikastaroetan piraguismoan aritzeko lehenbiziko pausoak erakusten dituzte. Paladak nola eman ikasten dute kurtsoetara apuntatzen direnek, baita piraguarekin uretara irauliz gero buelta nola eman behar den ere. Bost egunetan errioan aritu eta gero itsasoan trabesia bat egiten dute, ikastaroa amaitzeko. Marijo Arrietak dioenez itsasoan gauzak asko aldatzen dira. ´Ura biziagoa da eta jendeak hori nabaritu egiten du. Gogorragoa da agian, baina politagoa ere bada`. Urumeako jaitsiera Hernani eta inguruetan piraguismoa gustoko zuen jendearentzat faltatu ezinezko zita izaten zen Urumeako jaitsiera. Jende askok hartzen zuen parte bertan eta giro polita izaten zen parte hartzaileen artean. Hala ere, orain dela bi urtetik ez da jaitsiera berriro antolatu eta piraguismoaren inguruko giroa asko jaitsi da. Horren zergatiarengatik galdetuta besterik gabe antolatzeari utzi zitzaiola dio Arrietak: ´Pena da, baina Urumeako jaitsiera galdu egin da`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!