Xaguxar aisialdi taldeak 14 urte daramazki herriko umeentzako lanean
ASTIGARRAGAN 20 urte inguru dituzten gazte gehienak ibili dira noizbait Xaguxar aisialdi taldean. 14 urte dira taldea sortu zela, eta orduztik, Astigarragan ez da falta izan umeentzako ekintzarik. Udaleku irekiak, astero umeen jolasak, gabonetan ludoteka, akanpada... Atzo Santio jaietako txupinazoa Xaguxar taldeko ordezkari batek bota zuen, urte horietan egin duten lanaren omenez.
1991 urtean, Astigarragako umeentzat ezer ez zegoela-eta, herriko gazte koadrila batek erabaki zuen astero ekintzak antolatzen hastea. Ordu ezkero Astigarragako haur gehientxoenak inguratu dira noizbait Xaguxar taldeak antolatutako ekintzetara. Gaur egungo begiraleak lehen ume bezala ibilitakoak dira denak.
Hasierako helburuak betetzen dira oraindik: ekintzak egiteko aukera jartzea, umeek elkar ezagutzeko aukera (adin ezberdinetakoak, kanpoan eta bertan ikasten ari direnak), eta euskaraz egiteko eta jostatzeko leku bat eskaintzea herriko haurrei.
Udaleku irekiak, irteerak...
Gaur egun, 10 begirale ari dira taldean eta gutxi edo gehiago urte guztian zehar antolatzen dituzte ekintzak. Lanik haundiena udaleku irekiekin izaten dute; 50 haur inguru juntatzen dira bertan eta goiz osoan ibiltzen dira batera eta bestera.
Urtean zehar egiten dituzte ekintza gehiago: Gardera joaten dira 7 egun kanping-ean pasatzera, descenso de cañones egin eta abar. Hilean behin haur jolasak antolatzen dituzte (lehen astero izaten ziren haiek), txuri-urdinera joaten dira, eskulanak egiten dituzte, asteburuko irteera egiten dute Santiomendiko ermitara, Gabonetan ludoteka antolatzen dute... Hori guztia gutxi balitz, Santio jaietako haur jolasak ere Xaguxarrek antolatzen ditu urtero.
Merezitako esker ona
Xaguxar taldean pasa diren begirale eta haur guztiek ondo merezia zuten, eta aurtengo Santio jaietako txupinazoa berak bota dute, egindako lanaren omenez.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!