HIRIGINTZA Zinegotzi, Iñaki Arratibel, Kronikara bidalitako idatzi batean baikor agertu da alegazio epealdi honetan izandako parte hartzearekin. Adierazi duenez jasotako 183 alegazioak arrazoitutakoak izan dira eta dokumentua hobetzeko asmoarekin aurkeztu dituzte. Bere iritzian, alegazio hauek erakusten dute hernaniarrek erabaki prozesuei seriotasunez erantzuteko gaitasuna dutela. Uste du informazioa eskura jarri izanak erraztu duela alegazio arrazoituak aurkeztea.
Honekin batean dio badela BHk eta bere ingurutik datorren alegazio bat, 660 firma jaso dituena, arauen onarpena geldiaraztea eskatzen duena.
Arratibelek aurrikusten du aurkeztutako alegazio asko arauen azkeneko testuan sartuko direla.
Alegazioen edukiak
Alegazioen edukiei buruz Arratibelek dio askok lurraren aprobetxamendua haunditzea eskatzen dutela, besteak beste, famili beharrak asetzeko. Beste alegazio batzuek lurraren aprobetxamendua murriztea eskatzen dute, ´etxebizitzak dauden bezala mantendu nahi dituztelako, nekazal jarduerekin jarraitu nahiko dutelako` aipatzen ditu arrazoien artean. Baserritarrei dagokienean aipatzen du, agroaldea bat sortzeko eskariak jaso dituztela.
Azpiegiturak aldatzeko eskariak ere aipatzen ditu, besteak beste, karreterak zabaltzeko edota hauen trazatua aldatzeko eskariak, aparkamendu gehiago jartzeko eta baita proposatutako aparkamenduak atzera botatzeko eskariak ere. Parke eta espazio libre gehiago jartzeko alegazioak ere badaude.
Ondare natural eta historikoak mantentzeko eskarien artean azpimarratzen du Diputaziotik jasotakoa, bertan azalpenak ematen dira arauetan jasotako ondareak babesteko.
Eusko Jaurlaritzatik jasotako beste alegazio batean eskatzen da aktibidade enpresarialetarako lur gehiago jartzea. Beste alegazio batzuek eskatzen dute lurraren kalifikazioa aldatzea.
Hurrengo pausuak
Hurrengo pausua izango da alegazioak banaka aztertzea eta testuan txertatzea. Testu horri behin behineko onarpena eman beharko zaio eta ondoren Diputaziotik pasa beharko du, berak emango baitio behin betiko onarpena.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!