pRENTSAURREKOA eman zuten atzo EAE-ANVko ordezkari ezberdinek, Audientzia Nazionalak Marian Beitialarrangoitia Alkatearen kontra, jarritako salaketaren balorazioa egiteko.
Azken berrien arabera, Auzitegi Nazionaleko epailea den Santiago Pedrazek Marian Beitialarrangoitia Alkateari dei egin dio hilaren 24an deklaratzeko. Bestalde, atzoko prentsaurrekoan adierazi zutenez, Marian Beitialarrangoitiak 2 urteko espetxe zigorra jaso dezake.
Defizit demokratikoa
´Euskal Herrian bizi dugun defizit demokratikoa oso da larria, esan eta esan ari gara salbuespenezko egoera bizi dugula gure herrian, eta tamalez egunero ditugu hori baieztatzen duten erasoak` adieraziz hasi zuten agerraldia. Azken erasoa Auzitegi Nazionalak Marian Beitialarrangoitia Alkatearen kontra hartutako erabakia dela esan zuten, ´PSOEk euskal indenpendentismoaren aurka daraman errepresio zoro honetan beste bat gehiago`. Galdetu zuten ia ´noiz arte jarraitu behar dugun horrela`.
Azken hilabeteetan gertatutakoak jarrera horren froga direla esan zuten eta, besteak beste, aipatu zituzten: ´baliogabetutako milaka zerrenda, herriaren borondatearen kontra osatutako udaletxe, batzar nagusi eta Nafarroako Parlamentua; 200dik gora atxiloketa; zuzendaritza politiko oso bat kartzelaratu izana; torturak; sakabanaketa politika kriminalaren ondorioz hildako senideak; presoen baldintzak gogortzea; presoen aldeko ekitaldiak debekatu izana; eta orain ANVren ilegalizazioa`.
Adierazpen askatasuna
Esan zuten Audientzia Nazionalak Alkatea batek adierazpen askatasunean egindako adierazpenak erabiliko dituela ANV ilegalizatzeko: ´Kriminalizatu nahi da, herri honetako sektore jakin batekiko maitasun jarrera eta euskal preso politikoei besarkada bero bat eskaintzea, eta gainera, hori erabili nahi dute ANV ilegalizatzeko` salatu zuten.
Ezker Abertzalearen kontrako borrokak epaileak, polizia, PSOE, PP eta Espainiako Gobernua itsututa dituela aipatu zuten, eta ez zaiela inporta ´Europaren eta mundu osoaren aurrean erridikulua egitea`.
Esan zuten Marian Beitialarrangoitiaren eta ANVren delitu bakarra Euskal Herriaren ordezkari izatea dela eta ´instituzioetan independentziaren eta sozialismoaren alde lan egitea`.
Gogorarazi zuten maiatzeko hauteskundeetan ia ia 200.000 bozka lortu zituela ANVk. Horrekin batera esan zuten Marian Beitialarrangoitia Hernanik legitimoki aukeratu duen Alkatea dela, ´eta gainera ia gehiengo osoz` gehitu zuten.
Euskal Herriko gainerako alderdien jarrera ere salatu zuten prentsaurrekoan, esan zuten guzti honen aurrean mutu daudela, eta beste gauza batek kezkatzen dituela, ´beren koalizioak` eta baita `Ezker Abertzalea noiz desagertuko den` ere.
Ezker Abertzalea sustraitua
Saiatu arren Ezker Abertzalearekin ez dutela bukatuko adierazi zuten, ´herri honetan sustraitua dagoelako eta herri honekin guztiz konprometitua dagoelako`.
Bukatzeko, euskal gizarteari dei egin zioten ´PSOEren errepresio uholde honi mugak jartzeko`. Horretarako kalera atera eta erantzun beharra dagoela adierazi zuten. ´Erasoek ez gaituzte gure bide politikotik milimetro bakar bat ere mugiaraziko, eta martxoaren 9an, independentziaren aukera politikoa bermatuko dugu, Espainiako hauteskundeetan izango baikara`.