Astigarragako Santio jaiek gaur ekingo diote ekintzez betetako asteburuari

Kronika - Erredakzioa 2005eko uztailaren 23a

Igandean eta astelehenean ere ekitaldi ugari izango dira eta asteartean, Santa Ana egunean herri kirolak, artisau azoka eta idi demak izango dira protagonista. Gazte Asanbladak kontzertuak antolatu ditu gauetan.

ATZO bota zuten Astigarragan Santio festei hasiera emateko txupinazoa. Asteartera bitartean denek gozatzeko moduko egitaraua osatu dute. Asteburu pasa egiteko aukera izango da gaur eta bihar Astigarragan eta astelehen eta asteartean ere, Santio eta Santa Ana egunetan, jende asko hurbiltzen da herrira kronoeskaladaz, artisau azokaz eta abarrez gozatzera. Gaur egun guztian festa Gaur Astigarragara hurbiltzen denak goizetik aurkituko du zertan denbora pasa. Goizeko 10:00etan hasita, Iker Ruizen omenezko 3x3 saskibaloi txapelketa jokatuko da, kiroldegian. Goizeko 11:00etan hasi eta eguerdiko 14:00ak arte umeentzako jolasak eta tailerrak jarriko dituzte Apeztegi plazan. Arratsaldeko 17:30etan kross herrikoian aterako dira herriko atletak. Ordu berean, goitibehera lehiaketa egingo dute. 18:00etan, Zirkuitu Iluna haurrentzako ikuskizuna izango da, Foru plazan. Arratsaldeko 20:00etan kirolari ekingo diote berriro ere, XV. Areto Futbol txapelketako finala jokatuko baita kiroldegian. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera Galtzarra txarangak girotuko ditu kaleak. Gauean musika emanaldiak izango dira: 23:30etan Alazan taldeak musika latinoa ekarriko du J. Barandiaran plazara eta gaueko 00:30etatika aurrera Nekin taldearekin dantzaldia izango da, Tomas Alba kalean. Santa Ana eguna, asteartean Santa Ana eguna da asteartean eta Astigarragako festetan indar haundiko eguna denez, jende asko izaten da. Goizeko 10:00etan Iturendik etorritako joaldunak izango dira eta 11:30etan sagardo dastaketa. Goiz eta arratsaldez artisau azoka jarriko dute pilotalekuan eta Jose Ramon Zamora uztargileari omenaldia ere egingo diote bertan. Goizeko 11:30etan idi dema izango da eta 2.000 kiloko harriarekin arituko dira Patxi Illareta eta Jose Loinazen idi pareak. Arratsaldeko 18:30etan ere herri kiroletan ariko dira. Gaueko 21:00etan abesti tradizionalen saio herrikoia antolatu dute, sagardo plazan. Kontzertuak Gazte Asanbladak antolatu du gaur gaueko dantzaldia. Bihar Suburbio eta Ezeonikez taldeen kontzertuak antolatu ditu. Astelehenerako Kloratita eta Tuboskapi taldeen emanaldiak izango dira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!