Elkartzenek etxebizitzaren inguruko beste politika bat eskatzen dio Udalari

Kronika - Erredakzioa 2005eko uztailaren 21a

ELKARTZENEK idatzi bat bidali du Kronikara, Arau Subsidiarioen proiektuak proposatzen dituen 4.500 etxebizitzen inguruan. Dio etxebizitzaren inguruko beharrak azkar asetuko liratekeela ´etxebitza hutsak etxebizitza bizigarri bihurtu ezkero`. Izan ere, uste du Hernaniko garapen demograriko naturalak ez duela erakusten etxebizitzak eraikitzeko behar haundirik. Bide horretan hainbat proposamen egiten ditu: -Planteatutako Arau Subsidiarioak atzera botatzea. -Arau Subsidiario eta etxebizitzari buruz eztabaida zabala hastea, guztion parte hartzea bermatuta, datozen urteetako politikak markatuz. -Udalak kudeatuko duen alokairuzko etxebizitza parke publikoa sortzea. Parkea osatu beharko litzateke hu-tsik dauden etxebizitzekin eta beharrezkoa balitz eraikin berriekin. -Udal jabetzako etxebizitzen promozioa bultzatzea Hernanin dauden entitate finantzieroekin (kutxak eta bankuak). -Eredu alternatiboak izango dituen Arau Subsidiarioak onartzea, espekulazioa geldiarazteko. Hainbesteko beharrik ez EUSTATen datuetara jotzen du Elkartzenek eta dio erakunde honek 2020rako egiten duen pronostikorik baikorrenak (emakume bakoitzak 2 seme alaba, bizi itxaropena 90-93 urte, inmigrante fluxua positiboa izanda) 23.000 biztanleetarako hazkundea aurrikusten duela. Bestetik salatu dute Udaletxeko web orrian iruzur salaketak izan direla, ´beste etxebizitza bat eduki arren, babes ofizialeko etxebizitzen zerrendetan izena emateko aukera izateagatik`. Horren aurrean galdetzen dute nork sinesten duen halako etxebizitzen eskaera justifikatua dagoenik. Diote Udal Gobernuak muturreko garapen sistemari eusten diola, sektore ´kapitalistarekin bat eginez` eta salatu dute Hernani bihurtu nahi dutela Donostiako lotarako auzoa. Azkenik eskatu dute Arau Subsidiarioak erreferendumean onartzea, ´benetako herri eztabaida burutu ez delako`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!