Udaleko Berdintasun Arloak eta Berdintasun Kontseiluak atera dute beka. Proiektuak aurkezteko epea irailaren 5a da eta irabazleak 6.600 euro izango ditu.
Udaleko Berdintasun Arloak eta Berdintasun Kontseiluak 2garren Ikerketa Beka atera dute, emakumeek Hernaniko historiari egindako ekarpenaren inguruan. Helburua da ´emakumezkoek Hernanin bete duten paperari buruzko datuak argitaratzea edo daudenetan gehiago sakontzea` bekako oinarriek diotenez. Udaleko Berdintasun Arloak dio historian zehar ez direla emakumeen ekarpenak jaso izan gehienetan, eta emakumeen lana, bizitza soziala, ekonomikoa eta politikoa ezkutuan egon dela gehienetan. Hori argira ateratzea bilatu nahi du oraingo proiektuak.
Irailaren hasierarako
Gai hau oinarri duen proiektu hautatuak 6.600 euroko beka izango du gauzatzeko. Lan proposamenak irailaren 5a baino lehen aurkeztu behar dira Udaletxean eta epaimahai bat osatuko da saritua aukeratzeko. Lanaren ikerketarako gaia iraganeko edo gaurko historian emakumeek bete duten papera izango da eta 2006ko abuztuaren 31rako egina beharko du azken proiektuak. Lana euskeraz edo gazteleraz egin liteke.
Baldintza orriak Udaletxean
Lehiaketarako baldintza orriak Udaletxe sarreran hartu behar dira. Horrez gain, informazio gehiago nahi duenak Berdintasun Arlora deitu: 943 337017.
Bigarren edizioa
Aurtengoa bigarren beka da. Lehenengo edizioan Ahotsak Emakumeak Historian. Hernani (1936-1970) lana saritu zuten eta baita liburua atera. Oraindik salgai dago liburutegian.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!