UDA izan arren Hernaniko AEKn lanean jarraitzen dute. Irailerako EGA azterketa prestatzen ari den taldea dago eta duen berezia da autoikaskuntzaren bidez ari direla lanean. Egunero klasera joan beharrik izan gabe norbere kasa, jarritako lanak egiten ari dira udako planak alde batera utzi beharrik izan gabe.
Astean bi zita
Autoikaskuntzaren bidez EGA ikasten ari diren ikasleak astean bi zita izaten dituzte euskaltegian. Ordu erdiz irakasle batekin tutoritza ordua izaten dute eta bertan errepasatzen dituzte egin dituzten lanak eta ikasitakoaren jarraipena egiten dute. Beste zita taldearekin egiten dute eta ordu eta erdiz biltzen dira. AEKko irakasleek adierazitakoaren arabera oso garrantzitsua da taldearekin biltzea, ´norbere kabuz aritzean motibazioa falta izaten da eta taldeak asko laguntzen du horretan` azaldu dute. Jarritako ariketa asko idatzi eta irakurtzekoak izaten dira, eta entzunezkoak ere egiten dituzte. Irakasleek azaldu dute diziplina dela kurtsoa aurrera ateratzeko sekretua: ´autoikaskuntza ez da edonorentzat, diziplina piska bat behar da etxean lana norbere kabuz egiteko` diote.
Udako herdoila
kentzeko tailerrak irailan
Irailerako tailerrak antolatzen hasi dira dagoeneko AEKn. Tailer hauek udaran ahaztutakoari astindua eman eta kurtso berrirako martxa hartzea dute helburua, irakasleek adierazi dutenez. Irailean zehar 4 tailer egiteko asmoa dute, aste beteko iraupenekoa tailer bakoitza. Proposatuko dituzten gaiak dira: nekazaritza ekologikoa, sendabelarrak eta Hernaniko Historia. Abuztu bukaera aldera bilera egingo dute tailerren gaiak eta egutegiak zehazteko. Informazioa gehiago nahi duenak, 943 557801 telefonora deitu dezake.