LUIS Llopis, Biyokek, ez zuen kejatzeko motiborik izan urtetan egindako lanaren errekonozimendua jaso baitzuen atzokoan. Familia eta lagunez inguratuta momentu hunkigarria izan zen alkate makila jaso zuenekoa. Eguerdiko 12:00etan, bere etxeko balkoian bertan jaso zuen makila iaz alkate izan zirenen eskutik, Antxon Urruzola eta Maria Pilar Karreraren eskutik. Makilaz gain lore sorta ere jaso zuen eta bere emazteari eskaini zion, bere hitzetan asko lagundu baitio bizitza honetan.
Omenaldian Juanjo Uriak hitz egin zuen eta egindako lan guztiagatik eskerrak eman zizkion. Batetik argazkilaritzan egin duen lana aipatu zuen Uriak, Hernaniko azken 50 urteotako gertakaririk garrantzitsuenak jaso baititu argazkitan eta bestelako argazkiak (paisajea, estudiokoak, bodak...) ere egin ditu makina bat. Hernaniko Alkoholiko Anonimoen fundatzaileetako bat izan da Biyok eta gaur egun ere alkoholarekin arazoak dituztenei laguntzen jarraitzen du. Jubilatu Etxeko juntan ere murgilduta dabil.
Egun guztiko festa
Omenaldiaz gain ekitaldi gehiago ere izan ziren Kaxkoko festetan. Eguerdian Plaza Berrian bildu zen jendea bazkaritan eta segidan, mahaiak kalera atera eta kartetan aritu ziren, aspaldiko ohitura berreskuratuz. Haurrentzako gaztelu puzgarria eta txokolatada izan ziren arratsaldean. Afari meriendatarako sardina jatea antolatu zuten gero eta gauean Urumeako txarangarekin dantzaldia izan zen Plaza Berrian.