Atsegindegiko aparkalekuko obrak aurrera dijoaz eta arduradunek Kronikari esan diotenez iraila inguruan hasi nahi dute aparkalekuak jabeei ematen. Sei motatako aparkalekuak daude: estandarra (kotxe bat kabitzeko modukoa), zabalxeagoa, zabalagoa, malda azpikoa, oso luzea eta bi kotxe kabitzeko modukoa. Guztira 176 aparkaleku dira, bi plazakoak bi bezala kontatu ezkero. Aparkalekuak 3 solairutan daude: 0 solairua, -1 solairua eta -2 solairua.
Oraindik salgai
Interesa duenik bada, oraindik badaude aparkalekuak salgai Atsegindegin. 70 dira oraindik saltzeko dauden aparkalekuak, -1 eta -2 pisuetan (lehen pisuan dena hartua dago). Prezioak, berriz, lekuaren araberakoak dira: merkeenek 16.152 euro balio dituzte eta garestienek 31.959 euro (prezioak BEZ edo IVA eta guzti dira). Erosi edo informazio gehiago nahi duena pasa Atsegindegi aurreko kasetatik. Inor ez balego edo tratua telefonoz egin nahi bada deitu 943 33 23 69 telefonora eta utzi mezua; berak jarriko dira deitu duenarekin harremanetan Kronikari esan diotenez.
75 urterako kontzesioa
Atsegindegin aparkalekua hartzen duenak 75 urterako izango du beretzat. Behin urte hauek pasatzean udalaren esku geratuko litzateke berriz ere aparkalekua. Inork lehenago saldu nahiko balu Udalaren bidez saldu beharko da aparkalekua eta prezioa Udalak zehaztuko du, espekulaziorik izan ez dadin.
2,25 metroko altuera
Sapaiak 2,7 metro ditu hiru solairuetan. Hala ere, bigak, argiztapenak eta abarrekin 2,25 metro da kotxeak pasatzeko altura, kotxeak eta furgoneta normalak kabitzeko modukoa.
Estalpea urri ingururako
Aparkalekuak irailerako bukatu arren, goiko estalpea urri ingururako egongo da bukatua, obrako arduradunen arabera. Aparkalekutik irteerak eta zenbait ekitaldi antolatzeko moduko tokia izango da goikaldea, eta baita parke txiki bat ere.