Gobernu Batzarra bilduko da gaur Udaletxean eta eztabaidatuko duten gaietako
bat Larramendiko Udal eraikinen ingurukoa da, maisu etxeak deitu izan zaien
eraikinena. Seguruenera gaur adjudikatuko dituzte etxeak botatzeko lanak eta
Udaletik jakitera eman dutenez litekeena da astelehenerako etxea botatzen
hastea. Hutsik dauden etxebizitzak barrutik botatzen hasiak dira, dagoeneko.
Zaharren Egoitza haunditu
Zaharren Egoitza haunditzeko botako dute Udal eraikina. Anpliazio
proiektuari Diputazioak eman behar dio azken oniritzia orain. Zaharren Egoitzak
ez luke jende gehiagorentzat tokirik izango hala ere, egoitza gaur egungo
legedian sartzeko egin behar da obra. Horrez gain etxe tutelatuak ere egingo
ditu Udalak, beste zenbait lokalen artean. Zaharren Egoitzako anpliazioaren % 75
Diputazioak ordainduko du eta % 25 udalak. Gainerakoak (etxe tutelatu, lokal...)
udalak ordaindu beharko ditu. Andoni Amonarraiz Ongintzako buruak Kronikari esan
dionez, beren asmoa da tramiteak lehenbailehen egitea: abuztuan obren baldintza
plegua osatu, irailean onartu eta urri aldean adjudikatuta egotea obrak,
anpliazioa egiten hasteko.
Bizilagun batzuk keja dira, zer egoeratan geldituko diren ez dakitelako
Ongintza Patronatutik
jakitera eman dute jende honentzako irtenbide bat bilatzeko lanean ari direla.
Larramendiko etxeetan bizi ziren zenbait familia atera dira
dagoeneko eta Ongintzak beste etxe batzuetan jarri ditu. Gelditzen diren
gazteetako batzuk keja dira beren egoerarekin eta salatzen dute beraiek zein
egoeratan geldituko diren ez dakitela ezer: ´gure egoeraren inguruan ezer ez
dakigu oraindik, nahiz eta jadanik etxebizitzak barrutik botatzen hasiak diren`.
Kejatu dira hutsik dauden etxeak barrutik botatzen ari direlako ´eta horren
benetako arrazoia da okupazio gehiago ez izatea eraikina bota artean`. Horrez
gain, galdera egin dute ea etxebizitzak barrutik botatzeko garaian
´bizilagunentzat segurtasun neurri guztiak hartu dituzten`.
´Laguntzeko prest gaude`
Amonarraizek Kronikari esan dionez, beraiek saiatzen ari dira Larramendin
bizi diren gazteei irtenbidea bilatzen eta harremanetan dago hauekin. ´Etxe
hutsen jabeekin harremanetan jarri gara eta baita Kutxarekin ere, bitartekari
lana egiteko. Asmoa da erreabilitazio trukeko alkilerrean edo lortzea etxea
gazte hauentzat. Guk hala ere bitartekari lana egingo dugu eta beraiek
harremanetan jarri`. Amonarraizek nabarmendu du bide bat bilatu ezkero
laguntzeko prest dagoela, baina, horretarako jarritako epean etxetik atera
beharko dutela Larramendin bizi diren gazte hauek. Datorren larunbata da
ateratzeko jarri dieten azken eguna.
Bestalde, Amonarraizek Kronikari nabarmendu dio bera ez dela Etxebizitza
zinegotzia eta gai honetan eskumen gutxi duela: ´nik ez dut eskumen asko baina
saiatuko naiz ahal dudan neurrian. Bestalde, gazteekin eta Etxebizitza
Zinegotziarekin bilera bat egitekotan gelditu gara abuztuaren 16an, zer egin
litekeen ikusteko`.