Saharako haurrak etorri dira aurten ere Hernanira. Uztailaren 9 eta 11 artean iritsi dira eta iraila hasiera arte izango dira herrian. Aurten Saharako 6 haur etorri dira Hernanira, iaz baino 5 haur gutxiago. Egun hauetan mediku errebisioak eta urarekin lotutako ekintzak egingo dituzte gehienbat. Izan ere, desertuan putzurik ez eta sekulako gozatua hartzen dute haurrek urarekin jostatzen. Saharako desertuko bizimodu gogorra dela eta osasun arazoak izaten dituzte eta egun hauetan okulista, dentista eta errebisio orokorrak egingo dituzte. Horretaz gain Saharako gatazkatik kanpora zein errealidade dagoen ezagutzeko aukera ere izango dute.
Bosgarren urtea da Saharako haurrak Hernanira etortzen direla, Udala eta Saharako Frente Polisarioak bultzatutako ekimenari esker.
Aurreneko aldia batzuentzat
Etorritako haur batzuek ez dira Saharatik kanpora askotan izan eta batzuentzat aurreneko aldia da Hernanira etortzen direla. Haurrak etxean hartu dituzten gurasoei galdetuta diote aurreneko aldiz etortzen direnean gauza askorekin harritu egiten direla. ´Etxean telefonoak jotzen duen aldiro berak hartzen du` dio gurasoetako batek. Komunak ere nobedade dira haur batzuentzat eta hasieran komuna eta dutxa erabiltzeko beldurra izaten dute. Itsasoko urarekin ere harritu egiten omen dira: ´lehengoan hondartzan izan ginen eta bainatzen ari ginela ura tragatu zuen eta gazi gustua zela eta harritu egin zen` azaldu du gurasoetako batek. Eskailerak ere beldurrez igotzen dituzte hasieran, Saharako desertuan ez baitago horrelakorik.
Astean zehar goizez beraiekin ibiltzen den begiraleak dio azkar ikasten dutela eta hemen egoten diren hilabeteetan berehala ohitzen direla inguru berrira: gazteleraz hitz egiten eta igeri egiten ikasten dute adibidez.