Larunbatean dira Karmen jaiak Kaxkoan eta aurten Luis Llopis ‘Biyok’ek jasoko du alkate makila

Kronika - Erredakzioa 2005eko uztailaren 13a

Karmen Eguna datorren larunbatean da eta Kaxkoan festa izango dute, garai bateko ohiturari jarraituz. Gerra aurretik egiten den festa bada ere, urte askoan ospatu gabe egon ziren Karmenak Hernanin eta 1999an hasi ziren Andre Kalean ospatzen berriz ere. 2003a ezkero Kale Nagusiko bizilagunak ere animatu ziren, festa-goseak eraginda edo, eta orduz geroztik bi kaleetan batera ospatzen dituzte Karmen jaiak. Egun guztiko festa Goizean goiz hasiko dira ekitaldiak Kaxkoan. Dianak eta mezak hasiko dute eguna eta iazko moduan haurrentzako jokoak izango dira gero, Udalekuetako monitoreek antolatuta. Eguerdiko hamabietan izendatuko dute Kaxkoko alkate Luis Llopis Biyok. Ohitura da aurreko urtean alkate makila jaso duenak ematea alkate berriari Kaxkoko makila: aurten, urte guztian Kaxkoko alkate izan diren Antxon Urruzola eta Maria Pilar Karrerak emango diote alkate makila Biyoki. Eguerdian, berriz, bazkari herrikoia dute Plaza Berrian eta txartelak salgai daude ostegunera arte Jaione Konjelatuetan eta Haizea Mertzerian; Migel Lujanbiok, berriz, kalean bertan salduko ditu. Prezioa: 15 euro. Karta saioak Andre Kalean Nola ez, karta jokoa ere izango da aurtengo Karmenetan. Lehengo festak bizi izan zituztenek diote orduko karmenetan gizonezkoak Kale Nagusian ibiltzen zirela eta emakumeek Andre Kalean egiten zutela beren festa, karta jokoan. Orain berriz berreskuratu dute ohitura hori, baina, gizon eta emakume ariko dira karta jokoan larunbatean. Karta saioekin batean gaztelu puzgarriak eta txokolatada izango dira eta ondorenean, jende asko biltzen duen sardina jana, hau ere ohitura bihurtzen ari dena. Urumea txarangak errematatuko du eguna. Amabirjina eskaparatean Urteroko moduan Amabirjina Karkabako eskaparatean jarriko dute Antxon Urruzola eta Maria Pilar Karrerak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!