MARTNDEGIKO San Ferminak egin ditu bereak, datorren urte arte behintzat. Aurten lau eguneko jaiak izan dira, uztailaren 7an hasi eta asteburuarekin lotuta, igandera arte. Auzokoek ederki aprobetxatu dituzte egun horiek eta normalean izaten ez den jendetza eta irudi bitxiak ikusi ahal izan dira bertan
MARTNDEGIKO San Ferminak egin ditu bereak, datorren urte arte behintzat. Aurten lau eguneko jaiak izan dira, uztailaren 7an hasi eta asteburuarekin lotuta, igandera arte. Auzokoek ederki aprobetxatu dituzte egun horiek eta normalean izaten ez den jendetza eta irudi bitxiak ikusi ahal izan dira bertan.
Herri kirolak, harri
jasotzaile eta aizkolariekin
Herri kirola gustatzen zaionari atzo Martindengin gozatu ederra hartzerik bazuen. Bertan Euskal Festa antolatu zen eta horien barnean herri kirolak egin zituzten eguerdiko 12:00ak aldera. Antolatzaileek deituta Aimar Irigoien harri jasotzaile gaztea eta Azurmendi, Teiletxea eta Etxeberria aizkolariak izan ziren bertan.
Ikuskizuna asteko Aimarrek 100 kiloko zilindro harria jaso zuen 15 alditan. Gero, errezildarrak 200 kiloko harriarekin probatu zuen, hainbat alditan jaso zuen harria jendearen txalo artean. Horren ondoren aizkolarien arteko lehia hasi zen, Azurmendi bakarrik aritu zen Teiletxea eta Etxeberriaren aurka. Egin beharreko lana: 6 enbor ahalik eta azkarren moztu. Saio guztian juxtu antzean ibili eta gero, azkenean bikoteak irabazi zuen, 13:57 minutu eginda; Azurmendik 14:51 minututan bukatu zuen bere lana. Segidan Aimarrek beste saio bat egin zuen, 100 kiloko harri kubikoa 12 aldiz jaso zuen, bi minututan.
Etxeko eta kanpoko
bertsolariak
13:00 aldera bertsolarien txanda iritsi zen, bertan izan ziren Peñagarikano, Lizaso eta Gorka Tolosa auzotarra. Saio polita egin zuten; Tolosak Peñagarikano xaxatu zuen aizkolarien kontuarekin eta Peñagarikanok honela esan zion: ´...zu zera hemen ez dakiena, ez aizkoran ez bertsotan`, Tolosaren erantzuna entzutekoa izan zen: ´...bertsotan piskat probatu gera, baina aizkoran baterez`.
Arratsaldean trikitilari eta txingalariak izan ziren, besteak beste. Etxabe anaien dantzaldiaren ondoren kalejiran eman zitzaion amaiera festari.
Larunbata gauean ondo
Larunbata gauean abere dema izan zen eta horrek ikusmin haundia sortu zuen, Guardi eta Pagollaren arteko lehian lehenengoak irabazi zuen 68 plazarekin, Pagollak berriz 66 plaza egin zituen.
Goizaldean platano dantza xelebrea ikusteko aukera izan zuten oraindik oheratu ez zirenek. Lehiaketak denen parreak eragin zituen eta larunbateko parrandarekin jarraitzeko aukera paregabea izan zuten gazteek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!