Alfonsi Joanes - Estetika profesionala
«Depilatu ez ezik, mutilek manikura eta dena egiten dute gaur egunean. Estetika zaintzea erabat natural bizi dute»
Depilazioa, aurpegiko zainketak, masajeak, solariuma, masaje antizelulitikoak dira estetika zentroetan ematen diren zerbitzu batzuk. Jendeak bilatzen duena da bere
buruarekin gustora sentitzea.
orain dela gutxi arte gorputzaren edertasuna eta estetikari inork gutxik begiratzen omen genion. Kontua, ordea, «gauetik goizera aldatu da» eta gaur egunean «gehienek kontu egiten diote gure buruari». Behar bada, aldaketa haundiena mutiletan etorri da. Horrela ikusten dute estetika gaia Alfonsi zentruko profesionalek.
Zeintzuk dira estetika zentro batean ematen diren zerbitzu nagusiak?
Depilazioa, masajeak, (kirol masajeak, relajaziokoak, masaje antizelulitikoak, aurpegiko zainketak, manikura, pedikura, solariuma, alimentazioa ere zaintzen da... Azken batean gorputzarekin zerikusia duen guztia tratatzen dugu.
Zer bilatzen du zuen zerbitzuak hartzera datorrenak.
Jendeak bilatzen duena da bere buruarekin gustora eta ondo sentitzea. Batzuk beharragatik etortzen dira, arazoren bat dutelako, eta beste batzuk ba, bere buruari kontu egiteagatik. Egia esan, estetikaren kontua gauetik goizera aldatu da. Orain dela urte batzuk arte gutxi batzuk bakarrik zaintzen zuten gorputzeko estetika gaur ulertzen dugun eran. Orain, beste aldera da. Gutxi batzuk dira beren buruari kontu egiten ez diotenak. Gaur egunean normala da gizonezkoak ere estetika zentroetan ikustea.
Gizonezkoetan, hasieran kirola egiteko depilatu beharra izaten omen zen askotan aitzakia...
Bai, mutil asko kontu horrekin etortzen zen bai. Hankak depilatu beharra zeukatela masajea hartzeko. Hasieran, lotsatu ere egiten ziren, eta itxaron gelan ez zuten egon nahi izaten zai, kanpoan itxoiten zuten, lotsagatik. Hori dena pasa da, eta orain normal-normal etortzen dira, gainerako denak bezalaxe. Lotsa galtzeko prozesu horretan, azken pausoa besapeak depilatzea izan da. Gizonezko askok, hankak, ingleak, bizkarra... dena depilatzen zuten, baina, besapeak ez. Gizontasun kontuagatik agian. Behin pausoa eman eta gero, denak datoz berriz. Badira ingleak emakumeak baino gehiago depilatzen dituzten gizonezkoak. Bikini eta bainujantzien estiloak ere asko agintzen du hor.
Lehen, okasio edo ospakizun berezietarako neskak bakarrik etortzen ziren. Orain, denak etortzen dira. Mutilak ere manikura egiten dute, bekainetako tarteak depilatu... gustatu egiten zaie, eta naturaltasun osoz egiten dute, eta hala behar du.
Eta beste kontu bat, depilatuta, gizonezkoek normalean emakumeek baino azal
leunagoa dute.
Ze depilazio sistema daude.
Gehiena erabiltzen dena argizari beroa da, betikoa. Argizari epelarekin ere egin liteke. Gero daude, depilazio elektrikoa, laserra eta argi pultsatua deitzen dena.
Depilazio elektrikoa orratz batekin egiten da. Ilez ile egiten da, eta piskana ilearen zaina erre egiten da, edo indarra galdu behintzat. Denbora eskatzen du, eta mantsoa da, baina hori da ondoena funtzionatzen duena. Normalean jendeak leku txikiak depilatzeko erabiltzen du: ezpain gaina, begi tartea... Tratamendua eginda, urtean 3-4 aldiz joanda nahikoa izaten da. Zer da neodepilazioa?
Laser bidezko depilazioa da. Oraingoz, nahiko berria. Laserrak ere zainetik galtzen du ilea. Baina, ilez ile joan beharrean, laserrak azal zati oso batean egiten du lana. Ez da nolanahi erabiltzekoa, eta tratamendu pertsonalizatua behar du. Elektrikoa baino agresiboagoa da, eta garestiagoa ere bai. Bestea, argi pultsatua deitzen denak, laserrak bezalatsu egiten du lana, baina, suabeagoa da.
Badira den-dena depilatzen dutenak ere...
Ez dira asko, baina, badira bai. Guk ez dugu hori egiten. Mingarria izateaz gain, arriskutsua ere izan liteke...
Zer harrera dute beste zerbitzuek?
Jende asko harrituta gelditzen da aurpegiko masajeak ze lasaitu ematen duen. Ordubeteko masaje batek gorputz osoa erabat relajatuta uzten du. Jende askok ohitura hartu du eta astero egiten du.
Aurpegikoaazala garbitzea ere oso normala da. Urte sasoi bakoitzean behin egitea aholkatzen dugu.
Solariumera ere jendea maiztasun jakin batekin joaten da. Batzuk neguan ere kolorea mantendu egin nahi izaten dute. Bada jendea, udara aurrean eguzkia hartzera joaterako kolore pixka bat hartu nahi izaten duenik ere. Beste batzuk, neguan hotzari aurre egiteko erabiltzen dute, egun hotz horietan solariumak izugarrizko goxatua ematen diela esaten digute.
Zer esango zenioke inoiz estetika zentro batera joan ez denari?
Ba, animatu egingo nuke. Munduan daukagun inkorfomidade honekin, ba, begira, beren buruarekin gustora sentitu dadila, eta ez dadila gehiegi konplikatu.
Gema Usandizaga - Aurpegi eta gorputzeko masajista-
«Estetikarekin zenbait obsesionatu egiten da eta beste balore batzuk ere behar dira»
Gema Usandizaga masaje kontuetan eta aurpegiko estetikan dago espezializatua. Hogeita hamar urtetik gorako esperientzia profesionaletik hitz egiten du. Bere iritziz, batzuk estetikarekin itsutu egiten dira, eta profesionalei frenoa jartzea egokitzen zaie. «Gauza bat da gorputzari kontu egitea, goxatu bat ematea, eta nor bera bere buruarekin gustora sentitzea. Baina, batzuk obsesionatu egiten dira eta ez da hori kontua». Usandizagak, bere lanean egokitutako esperientzia jartzen du adibide gisa: «Neri tokatu zait bi neska gazte etorri, eta masaje antizelulitikoak nahi zituztela. Eta esan nien, `baina zu ederki zaude holaxe, ez daukazu ezer kendu beharrik, hartuko nuke nik zure gorputza!’».
Beste batzuetan berriz, argaltzeko grinez datorrenari kirola egiteko esaten die Usandizagak.
Mutilak ez dute normalean zelulitis arazorik izaten, baina, izaten dira tripa haunditxoa dutela iruditu eta hura jetsi nahian datozenak ere. Haientzako masajea ere kirola egiteko esatea izaten da normalean.
Norbere gorputza onartu eta baloratu behar da
Astigarragan bizi den asteasuarrarentzat gaur eguneko modak eta tailek asko markatzen dute estetikaren eta edertasunaren kontzeptua. Eta ez du hori begi onez ikusten. Usandizaga bera estetikako profesionala izanda, uste du beste balore batzuk ere behar direla: norbere gorputza den bezala onartu eta baloratzen jakitea, besteak beste. Hori da muga, eta hortik aurrerakoa da estetika zaintzea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!