Udalak jakinarazi du 34 alegazio aurkeztu zaizkiola Arau Subsidiarioen proiektuari

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 10a, 03:00

Hilaren 18an amaituko da alegazioak aurkezteko epea. Udalak dio Eusko Jaurlaritzaren txosten bat jaso duela 2.274 etxebizitza berri baina gehiago ezin direla egin esaten.

UDALAK prentsa ohar bat bidali du Kronikara Arau Subsidiarioen proiektuari oraingoz aurkeztu zaizkion alegazioen berri ematen. Prentsa oharrean azaltzen denez 34 alegazio aurkeztu zaizkio oraingoz Udalaren proiektuari ´epea amaitzeko hamar egun falta diren honetan`. Alegazio horiek guztiak udal arduradunek banan bana aztertzen ari direla ere azaltzen da agirian eta ´horietako gehienak azkeneko testuari gaineratuko` zaizkiola. Aurkeztutako alegazioak Aurkeztu diren alegazioen artean, multzo haundiena osatzen dute aprobetxamendu urbanistikoa zabaltzeko eskatzen duten familiek: ´adibidez, beraien seme-alabentzat etxebizitza bat lortzeko ondoko orubean`. Fagollaga eta Osiñaga inguruan ere hainbat alegazio aurkeztu direla dio Udalak: ´beraien etxebizitza inguruak hiri eremu bezala kalifikatzea nahi dute. Horrek, etxebizitzen zabaltzea ekarriko luke eta gazteak familia eta gizarte inguru hartatik atera behar ez izatea.` Horretaz gain, kalifikaturik dauden zonaldera beraien lurrak gehitzeko eskatzen duten partikularren alegazioak aurkeztu direla adierazi du Udalak eta Akarregiko kasua azpimarratzen du, errepide eta industria gune baten artean harrapatuta geratuko bailitzateke. Badago aprobetxamendu urbanistikoa ukatzen duenik ere, beraien lurretan eraikinak egin ahal izateari uko egiten diotenak: ´hori pasa da Karobietan, eta badaude baserritar batzuk nekazal esplotazioarekin jarraitzea erabaki dutenak, beraien terrenoen kalifikazio berri bat onartu beharrean`, dio Udaleko agiriak. Enpresa munduarekin zerikusia duten alegazioen artean prentsa oharrean hainbat kasu nabarmentzen dira: Papelera del Norteko eraikin zaharrean dauden hainbat enpresak bertan mantentzeko egin duten eskaria, esaterako. Telefonica-k berriz, baldintzak jarri ditu Oarson duen egoitzatik alde egiteko (Udalak dioenez Arauek parke bat aurreikusten dute bertan). Beste kasu bat da Orona kooperatibarena, Lastaolan dituen lurrak bateratzeko alegazioa aurkeztu du. Bildu Hernaniren alegazioa Oharrak Bildu Hernaniren alegazioari buruz ere hitz egiten du. Bertan jartzen du badaudela zenbait talde politiko alegazioak aurkeztu dituztenak eta BH aipatzen du: ´Bildu Hernaniri, 448 sinadurarekin babestua, gehiegizkoa iruditzen zaio proposatu diren etxebizitzen kopurua, eta gainera, eskatzen du testua erretiratzea eta Arauen errebisio prozesua berriro hastea`, dio Udalak. Udal arduradunen iritzia Bukatzeko, prentsa oharrak udal arduradunen iritzia jasotzen du. Arduradunek hernaniarrak animatu nahi dituzte alegazioak aurkezten jarrai dezaten eta Iñaki Arratibel, hirigintza zinegotziaren esanetan: ´Gure nahia da aurkeztutako alegazio kopuru haundiena onartzea. Are gehiago, bizilagunek heldutasun haundia erakutsi dutenean, erabat arrazoizkoak diren proposamenak eginda. Arauak idatzi dituzten teknikoen testu proposamena hobetuko dute.` Arratibelek oharrean azpimarratzen du bukaerako testuak ´teknikoek proposatzen zutena baino etxebizitza kopuru txikiagoa izango´ duela. Bere ustez, behin betiko Arauek etxebizitzara bideratuko den lurra ´redimentsionatuko` dute eta ´gure ahalegina, hiriaren garapen berrian babes ofizialeko etxebizitza kopururik haundiena izatera zuzenduko da, hala nola, enpresa kutsagarrienak kaxkotik ateratzera ere`, dio. Eusko Jaurlaritzak txostena bidali du Arauen inguruan Udalak adierazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro eta Lurralde sailak txosten bat bidali duela eta bertan ´zenbait puntu planteatzen` direla. Horietako puntu batean azaltzen da eskaintza maximoak ezin dituela 2.274 etxebizitza berri gainditu. Udaleko informazioaren arabera, Jaurlaritzaren txostenak dio aktibitate industrialerako erabiliko den lurra eskasa dela (Lurralde Arloko Planak aurreikusten duen gutxiengora ez dela iristen). Horretaz gain, Jaurlaritzak beharra ikusten du, amaierako dokumentuari gehitzea gune naturalen babesarekin eta katalogazioarekin zerikusia duten arloak. y
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!