Herri bazkaria, abere dema eta platano dantza gaur Martindegiko festetan

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 9a, 03:00

MARTINDEGIKO festetan gaur egun pasa ederra egiteko egitaraua antolatu dute. Goiz goizetik hasita animazio galanta izango da auzoan, Iruñeako San Ferminetarako batere inbidiarik gabe.
Egun pasa konpletoa Egunari hasiera emateko auzoan zehar kalejira egingo dute goizeko 07:00etan, bezperatik parrandan daudenak eta etxean esnatu berri direnak zuzpertzeko. Goizeko 11:00etan Mobida trikitixarekin baserriz baserri abiatuko dira eta eguerdiko 13:00etan Juan Mari Ormazabal Tturko eta auzoko presoei lore eskaintza egingo zaie. Bazkalaurretik auzoko ezkonduak ezkongabeen kontra lehiatuko dira sokatiran eta segidan bazkaria egingo dute. Bazkalondorena animatzeko joko aldrebesak eta gaztelu puzgarria antolatu dituzte. Arratsaldeko 19:00etan zezen eta zalditxoen aurretik korrika ariko dira ausartenak. Gaueko 23:00etan Martindegiko IV. Abere dema antolatu dute eta Imanol Fagollaga eta Antton Guardiren zaldiak ariko dira nork plaza gehiago egin. Gauean Trakets taldeak dantzarako giroa jarriko du auzoan eta atsedenaldian irrintzi txapelketa egingo dute. Goizaldean Martindegin arrakasta haundia izan duen lehiaketa izango da: platano dantza. Bikoteka platanoa mutur banatik ahoan sartu eta dantzan aritzen dira. Platanoa urtzen eta puskatzen doan neurrian bikoteak eliminatu egiten dira, azken bikotea da garaile.
Antolatzen lan haundia Antolatzaileek adierazi dutenez lan haundia ematen duela festa antolatzeak: ´festa eta lana egin nahi izaten da eta azken egunerako leher eginda egoten gara` adierazi dute. Astean zehar arratsalde partean biltzen omen da jende gehiena Martindegin eta asteburuan, herriko jendea ere animatuta, egun osoan ibiltzen da jendea. Igandea da festetako egunik fuerteena.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!