Luis Llopis, Meridan jaio zen orain dela 73 urte, gerra aurrean gurasoek hemendik alde egitea erabakita. Argazkigintza familiatik datorkio. Biyok, ordea, Hernanin jaio zen, orain dela ia 50 urte. Emaztea eta biek Hernanin argazki denda zabaldu zutenean, Llopisek biak bilduko zituen izen bat nahi zuen eta, Biyok jarri zion, amak esanda. Ekitaldi sozialak, familiarrak, jaiak, eta abar ez ezik prentsarako lan asko egin du Llopisek. Azken urteotan argazkigintza utzita dauka.
Kaxko auzoko Alkate Makila emango dizute gaur...
Ez nuen inondik inora ere espero, eta sorpresa haundi bat izan da. Egia esan, azken batean Kaxkoko Alkate izendatzea errekonozimendua da eta ilusioa egin dit, bai.
Nola sartu zinen argazki munduan?
Familiatik. Aita argazkilaria nuen eta aitona ere bai. Aitarekin hasi nintzen estudioan lanean, 13 urte inguru nituela. Aurrena, laguntzen eta, aitak ezin zuenean karneteko argazkiak ateratzen. Eta gero pixkanaka nere bidea egin nuen. Soldaduskara joan aurretik penintsula iparraldeari buruzko erreportaje bat egiteko eskatu zidaten, eta hori izan zen nere lehenengo lan serioa. Horretan, ari nintzela soldadu joan behar izan nuen eta hor bukatu zen.
Meridan jaioa zara (Caceres), ama donostiarra zenuen, aita valentziarra, amona Segurakoa. Kontatu zure jatorria...
Bai, egia esan neronek ere ez dakit zer naizen. Nere ama Donostiakoa zen, eta amaren aldetik berraitona eta berramona segurarrak. Berraitonak ez zekien erderaz.
Aiton-amonek Donostian argazki denda bat zuten. Aita, berriz, Valentzian jaio eta Madrilen bizi zen. Donostiara etortzen zen bere laneko gauzak egitera, eta hala ezagutu nere ama izango zena. Ezkondu eta Donostian jarri ziren bizitzen. Aurreneko umea Donostian bertan jaio zen, baina, lan kontuak medio, Bilbon, Parisen eta Madrilen jaio ziren hurrengo hirurak. Gero, gerra aurrean, aitak tankera txarra hartu zion egoerari eta Caceresera joan zen familia. Ondorengo bostak Meridan jaio ginen. Bederatzi denera. Gaur egunean zortzi bizi gara, eta urtero biltzen gera senide guztiak, baina, gu bakarrik, eh! andre-gizonik gabe. Oso ondo pasatzen dugu garai zaharrak gogoratzen.
Eta Meridatik Hernanira
Gerra bukatu eta gero, familia Donostiara bueltatu zen. Nik argazkiarekin jarraitzen nuen eta Hernaniko batek boda bateko argazkiak egiteko eskatu zidan. Eta, boda horretan ezagutu nuen Mari Karmen Portugal, emaztea. Hernaniar hernaniarra. Argazkitara joan nintzen boda hori egin eta handik bi urtera ezkondu ginen, egun berdinean. Jostuna zen emaztea, eta 60 lagun izan zituen ikasten orain bizi naizen etxean. Gero denda jarri genuen elkarrekin. Emazteak asko lagundu dit neri, bai. Bai argazkien kontuan eta baita bizitzan ere.
Oraingo eta ondorengo belaunaldiek Hernaniko historia grafikoaren zati bat zure argazkietatik ezagutuko dute. Pozgarria izango da hori?
Era askotako argazkiak egin ditut: estudiokoak, familia bereko generazio ezberdinen ekitaldiak, bodak, bataioak, komunioak, berriz bodak... baserriei buruzko argazkiak, obrak, jaiak... Orain nahi dudana da azken 50-40 urteotako Hernani eta hernaniarren argazki erakusketa jartzea, hori utzi nahi nioke jendeari, eta hori da nere ilusioa. Ea orain denbora pixka bat hartzen dudan.
Nolakoa zen orain dela 40-50 urteko argazkigintza?
Orduan ia ez zegoen ezer eta ahal zenarekin moldatu behar. Artean, zeluloiderik ere ez zegoen hemen eta argazkiak kristalean egiten genituen, eta gauez aritzen ginen errebelatzen. Dena eskuz noski.
Orduan argazkiak etxeetako terrazetan ateratzen ziren, eta egunez. Gauez bazen, magnesioarekin ibiltzen ginen, orduan flashik ez zegoelako.
Argazkilari arraroa eta perfekzionista, hori da behin zure buruari eman zenion definizioa.
Bai, eta mantentzen dut. Gaur egunean gauzak aldatu egin dira eta beste gauza batzuk baloratzen dira. Nere aita arkitekto eta delineanteekin asko ibili zen eta nik ere garrantzi haundia ematen diet lineari, perspektibari, espazioari... Oraingo argazki askotan ikusten dut detaile horiek ez direla zaintzen, eta batzuetan gainera ez zaintze hori baloratzen dela.... Gauzak aldatu egin dira.
Zenbat urte egin dituzu Hernanin prentsarako lanean?
Hernanira etorri nintzenarekin bateratsu hasi nintzen, 1958 inguruan. Ordurarte zebilena Ameriketara joan zen, eta haren ordezko hasi nintzen.
Azken urteetan argazkiak egiteari utzita zaude, etsitzen al duzu?
Bai, orain dela urte pare bat edo uztea erabaki nuen. Kamara digitalak etorri ziren, eta zer egin behar dut nik, nere urteekin ekipo digital bat erosi? Oraindik tarteka bakarren bat ateratzen dut, baina, prentsako kolaborazioak utzi nituen.
Orain Jubilatu Etxeko juntan zaude, zer moduz?
Ondo, oso ondo. Izan ere, ez dakit ezer egin gabe egoten eta hemen nabil, bai, (parrez).
«Arazoak dituztenei laguntzen jarraituko dut bizi naizen artean»
Luis Llopisek argazki kamara nahiko utzita dauka azken urteotan, baina, bada gauza den arte uzteko asmorik ez duen beste lan bat: alkoholarekin arazoak dituzten pertsonei laguntzea. Bere bizitzaz hitz egiten hasita, argazkigintzan egin duen lanari adina garrantzi ematen dio Luis Llopisek gai horri. Eta garbi hitz egiten du, konplejurik gabe.
Llopisen urteak daramazki egoera horretan daudenei laguntzen, eta arazoa bere larruan bizi izandakoa da. Zurrunbilotik ateratzea lortu zuen, ordea, eta joan deneko 40 urteotan besteri laguntzeko indarra eta borondatea izandu ditu. Hernanin alkoholiko anonimoen elkartea sortu zuenetako bat da Luis Llopis. Orain dela 38 urte izan zen hori, eta oraindik ere astero joaten da bileretara; pertsona batek alkoholarekin arazoak dituela jakin eta kalean ikusten badu edaten dabilela, beregana joaten da, baina, ez errita egin edo kargu hartzera, ez. «Horrek ez du balio, ez du funtzionatzen» dio berak. Zurrunbilo horretatik ateratzeko norberak jabetu behar du bere bizitza hondora dijoakiola. Eta ikasi behar du alkoholarekin arazoak dituenak, ezin duela berriz edan. Jendearekin egon egiten naiz, hitz egin, ibili, berekin tragoak hartu... Ni ere saiatzen naiz neri egin zidatena besteri egiten. Eta laguntzen jarraituko dut, hil arte, eta hori suerte haundia da».
Egun osoko jaia gaur Kaxkoan
Goizeko 09:00etan hasiko da gaur Karmen Jaia Kaxkoan diana eta mezarekin. Aurten ere, egun osoko egitaraua prestatu dute. 10:00etatik 12:00etara ume jolasak izango dira udalekuetako begiraleek antolatuta. 12:00etan txupinazoa eta Alkate izendapena. Luis Llopisek iazko alkateen eskutik jasoko du Makila, bere etxe atarian. 14:00etan, herri bazkaria egingo da Plaza Berrian eta ondoren, urteroko moduan, karta jokoak.
Arratsaldean umeek ere izango dute Plaza Berrin jolasteko aukera, gaztelu puzgarriak jarriko baitituzte 17:00etatik 19.00etara. 20:00etan sardina jana, Aritz Sound Sistemek girotuta, eta gauean Urumeako txarangak jarriko du festa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!