Bandoen arteko borrokak Hernanin: Alzega Etxearen hondamendia

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 9a, 03:00

ERDI AROA garai korapilatsua izan zela dudarik ez dago, batez ere azken mendeetan. Orduan izan ziren bandoen arteko liskar famatuak, tokian tokiko jauntxoek elkarren kontra egiten zuten eta kasu askotan sortu berriak ziren hiribilduak eta nekazariak sartu zituzten tartean. Ez ziren, beraz, berdinen arteko liskarrak bakarrik izan, klase sozial eta erakunde ezberdinen artekoak ere. Atzean, interes ekonomikoak, gerra gehienetan bezala. 1332: Hernani erre zuten urtea Hernaniri buruzko lehenengo berriak 1014 urtekoak dira, baina hiribildu bezala noiz fundatu zen ez dakigu, carta puebla delakoa 1332an erre baitzuten, herri guztiarekin batera. Bandoen arteko liskarren ondorioak jasan zituen Hernanik urte hartan. Oinaztar batzuk herrian babestu ziren, Beltran Ibañez de Gebara ganboatarra atzetik zutelako. Egun batzuk geroago Nafarroako tropak azken honi laguntzera joan ziren eta 254 gizonekin Hernanin sartu eta erre egin zuten herri guztia. Nafarrek oinaztarrak zigortu nahi izan zituzten eraso honekin, hauek Gipuzkoa eta Nafarroako mugan egiten zituzten kalteen ordainetan. Azkenean Hernaniko herri guztiak ordaindu behar izan zuen zigor hori. Alzega oinaztarren bandoan Hernanik oinaztarren aldeko joera izan zuen urte haietan. Hori ez da harritzekoa, bertako leinu nagusia, Alzega, bando horretakoa zen-eta. Alzega Etxea plaza eta Kale Nagusian zegoen kokatuta, iskina egiten (pasabidea dagoen lekuan). Leinu garrantzitsua zen Alzegatarrena, Latxe eta Abillats burniolen jabe ziren eta batzuk diote San Joan Parrokia eta Udaletxea Alzega Etxearen inguruan eraiki zirela, honen babesean. Alzegatarrek parrokiak jasotzen zuten hamarrenaren zati baten eskubidea zuten eta urte askoan auzitan ibili ziren parrokiarekin zerga hori zela eta. Juan Perez de Alzegak zuzenean hartu zuen parte bandoen borroketan oinaztarren alde. Aldi berean, 1456an Gipuzkoako jauntxoek hainbat herri garrantzitsuri desafioa egin zieten eta horren aurrean Enrique IV espainiar erregeak jauntxo horien dorreak botarazi zituen eta leinu horien buruak Granadara desterratu zituen zigor bezala, ´moroen lurraldera`. Horien artean zegoen Juan Perez de Alzega eta bere etxea, hori dio behintzat Martinez Zaldibia kronistak. Hura izan zen Alzega Etxearen hondamendia. 1554, erortzeko zorian Alzega Etxea beste esku batzuetara pasa zen gero: Juan Lopez de Amezketaren eskuetara. Honek Amezketa eta Iartza jauregia zituen Alzegakoaz gain. Hernaniko Udal Artxiboko dokumentu batek dio 1554ean ´Alzega jauregi-etxea` erortzear zegoela eta egoera arriskutsuan. Bertan ez zen inor bizi, baina Francisco de Idiaquez zen Alzega Etxearen jabea. Desagerpena XIXgarren mendean Alzega etxearen zati batzuk Udalak bereganatu eta zatitu egin zituen, eraikina inorena ez zelakoan (jabeak protesta egin zuen geroago). Gaur egun etxebizitzak daude bertan eta bere iragana gogoratzen duen zantzurik ez da ageri begiratu batean. ‘Juan Zaar’ mandazaina BANDOEN borroken inguruan oso ezagunak dira garai haietako kantuak edo eresiak. Horien bidez jakin dugu nola hernaniar batek bere burua ikusi zuen jauntxoen eta probintziako agintarien liskar baten erdian. Sandailiako kantuak dio XV. mende erdian jauntxo batzuk Oñatiko Santa Ilia kobazuloan ezkutatu zirela Korregidorentzako ardoa lapurtu eta gero. Ardoa korregidorearengana zeramana Hernaniko Juan Zaar izeneko mandazaina zen eta berari lapurtu zioten merkantzia San Adriango pasalekuan. Jauntxo horiek setiaturik egon ziren Santa Iliako koban denbora luzez, eta kantuak dio ezkutuko zulo batetik pasatzen zizkietela janaria eta bizitzeko behar zutena.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!