Haur guztiek batera ´Gora San Fermin!` esan zuten atzoko txupinazoan

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 8a, 03:00

EGUN berezia izan zen atzo Udaleku Irekietan parte hartzen duten haurrentzat. Udaleku hauetan ohikoa bihurtu den San Fermin ospakizuna egin baitzuten. Eguerdiko 12:00ak aldera Tiloseta ingurua haurrez josita zegoen jadanik. Arropa txuria soinean eta zapi gorria lepoan zutela zain zeuden San Ferminetako kantuak noiz abestuko ote zituzten. Pregoia eta txupinazoa Hamabiak pasatxo zenbait haur Tilosetako kioskora igo ziren eta pregoia irakurri ondoren bertso bat kantatu zuten guztien aurrean. Ondoren txupinazoa bota zuten Udaletxeko balkoitik (Tilosetan ez dute baimenik txupinazoa botatzeko) eta karameloak banatu zituzten bildu ziren haur guztien artean. Entzierroa Tilosetan eta kalejira herrian zehar Segidan entzierroa izan zen haurrentzat, zezenak (mozorrotutako begiraleak) haurren atzetik ibili ziren batzutan, haurrak zezenen atzetik bestetan. Gozatu ederra hartu zuten guztiek Tiloseta inguruan. Gero kalejira egin zuten herrian zehar, dultzain jole eta trikitilariekin, kale bazterrak alaitzen. Begiraleak keja dira entzierroa plazan egiten utzi ez dietelako Udaleku Irekietako begiraleek idatzi bat pasa diote Kronikari, bertan jartzen duenez harriduraz hartu zuten Udaltzaingoaren agindua,entzierroa plazan egitea galarazten diena (orain arte plazan egin da ekitaldi hori). Idatzian azaltzen da Udaltzaingoak esan diela ´eurek ez dutela Plaza itxiko`. Horren aurrean begiraleek zera diote: ´Mota honetako ekintzetan, gure antolakuntza oso lotuta eramaten dugu, haurrak zehaztutako eremutik kanpora atera ez daitezen. Beraz ez dira udaltzainak lan hori egiten dutenak`. Bestalde aipagarria iruditzen zaie ´Udaleko arlo ezberdinek mantentzen duten jarrera kontrajarria: batetik, Udalekuei buruzko datuak publikatzen dira, positiboak direla esaten, eta bestetik lanean hasi garen unean honelako debekuak datozkigu`. Herrian bizitasuna sortzen duen ekintza Begiraleek argi utzi nahi dute Udaleku hauetan parte hartzen duten haurrek ´herriko haurren portzentaia haundi bat` suposatzen dutela eta San Fermin eguna berezia dela: ´bai haurrei gustatzen zaielako eta baita herrian falta den bizitasuna sortzen dutelako ere`. Bukatzeko, zalantza bat adierazten dute: ´Orain San Ferminak plazan ospatzea galerazi bazaigu zer izango da hurrengoa?`, diote.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!