KRONIKARA bidalitako prentsa ohar batean, Udaleko Zerbitzu Sozialen arloak jakinarazi du Diputazioarekin kontaktuak izan dituela bonobusa eta txartel bakarra-ren inguruan eta bilera batean Elkartzeneko kideak ere izan zirela.
Diputazioaren asmoak
Bilera horietan Udalak bonobusaren gaia lantzeko asmoa zuela dio prentsa oharrean Udal arlo horretako zinegotziak, Andoni Amonarraiz-ek, eta bere esanetan: ´Diputazioko Garraio Zuzendaritzatik adierazi digute beraien lana ez dela bonobusa jartzera zuzenduko, baizik txartel bakarra jartzera; transbordoak berriro ordaindu gabe egitea permitituko du honek`. Hala ere Amonarraizek gaineratu du autobusaren ohiko erabiltzaileek lehentasuna izan dezatela bilatu nahi dela eta txartela merkeago erosteko aukera izango dutela ´bonobusaren ondorio berdina izango luke, bidaia merkeagoa izatea`, dio zinegotziak.
Proposamena bidali dio Udalak Diputazioari
Prentsa oharrean azaltzen denez Udalak jadanik bidali dio txartel bakarra Hernaniko autobusetan jartzeko proposamena Diputazioari. Proposamen horrek jasoko luke tarifa berezi bat ikasleentzat, guraso bakarreko familientzat eta diru sarrera eskasa duten 65 urtetik gorakoentzat.
Hernani ´aitzindari `
Amonarraizen ustez ´arrazoizko itxaropenak daude Diputazioak Hernani aukeratu dezan txartel bakarra-ren sistema jarriko den lehen herria izateko`. Sistema honen inguruan Udalaren iritzia ere azaltzen du zinegotziak: ´uste dugu ohiko bidaiariei eta errekurtso ekonomiko gutxien dituztenei lehentasuna ematen bazaie, tarifa bajuagoak jarrita txartel bakarraren formula hernaniarren beharrei erantzuteko sistema egokia izan daitekeela eta garraio publikoaren erabilera hobetuko duela. Guk hori nahi izan dugu Diputazioko administrazioarekin egindako gestioetan`, dio.
Elkartzen: ´Ez du planteatutako arazoa konpontzen`
Udalak eta Diputazioak izandako bileren inguruan Elkartzenek bere iritzia plazaratu du. Talde honek dioenez bilera horretan ez da izan bonobusaren inguruan aurrera pausurik eta Diputazioak ezezko erantzuna eman duela gaineratu du Elkartzenek.
Txartel bakarra-ri buruz Elkartzenen ustez Diputazioak ´Gipuzkoa osorako txartel bakarra sortzeko proiektua - lurraldebus - nahiago du` eta talde honek dioenez ´Lurraldebus honek ez luke lehentasun bezala salneurriaren beherapena izango, hori den arren, gure ustez, arazorik larriena`.
Proiektu pilotua Hernanin
Txartel bakarra jartzeko Amonarraizek Diputazioari egindako proposamenaz ere Elkartzenek dioenez ´Diputazioak ez dio proposamen horri erantzun`. Talde honek idatzian azaldu du ez dagoela txartel bakarra-ren kontra baina ´argi dugu proiektu honek ez duela planteaturiko arazoa konpontzen`.
Bukatzeko, Elkartzenek akordio batetara iristeko exigitzen die Udala eta Diputazioari: ´Honen kostuak eragin oso txikia du beraien aurrekontuetan`, dio.
Arau Subsidiarioak
Arau Subsidiarioei buruz ere hitz egiten du Elkartzenek bere idatzian. Arratibelek bere galderei oraindik ez diela erantzun diote eta berriro egiten dizkio: ´Zergatik eraiki nahi dituzte 4.500 etxebizitza gehiago? Zertan oinarritzen dira?`. Udalaren proposamena ´bakarra` dela dio eta Hernaniko herriari hitza eman behar zaiola azpimarratzen du. Horren aurrean Elkartzenek erreferenduma eskatzen du.
Etxe hutsei buruz, Arratibeli galdetzen dio zein irizpide erabili duen etxebizitza hutsak zenbat diren esateko. Talde honen iritziz politika aktiboa falta da ´hutsik dauden etxebizitzetan bizi ahal izateko`. Bide batez, bere web gunean (www.elkartzen.org) Elkartzenen proposamen zehatzen berri izan daitekeela adierazi du taldeak. y
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!