Uztailarekin batean hasi dira Udako merkealdiak, batez ere arropa dendetan. %20 eta %30eko beherapenekin hasi dira merkealdiak eta uda eta udaberriko tenporadako arropa da gehien bat merketzen dena.
UDAKO merkealdietako kartela zintzilikatu dute aste honetan Hernaniko arropa eta zapata denda askotan. Oraindik merkealdiak hasi ez dituztenek laister eskainiko dituzte deskontuak, izan ere jendeak itxaroten duen aukera baita. Merkealdiek uztaila hasieran hasi eta iraila bukaera arte irauten dute ofizialki eta udaberri eta udako denboraldiko generoa da merketzen dena. Uztaila hasiera honetan denda gehienak %20 eta %30eko deskontuekin hasi dira baina merkealdiek aurrera egin ahala %50 eta gehiagoko deskontuak ere izango dira.
Hala ere, dendetan bada batere merketzen ez den generoa, hala nola orain ekarritakoa eta datorren udazken eta neguko denboraldikoa. Besteak beste, legeak ez du onartzen generoa ekartzea merkealditan propio saltzeko.
´Rebajak goizegi
hasten dira udan`
Hernaniko merkatari batzuen ustez udako merkealdiak goizegi hasten dira, ´udako eta udaberriko denboraldiko generoa saltzeko denborarik ez dugu izan eta oraindik ere prezio normalean salduko litzateke` diote. Hala ere azaldu dute jendeak itxaroten duen aukera dela eta konpetentzia dela eta ´egin beharreko gauza da` azaldu dute.
Jende gehiago
merkealditan
Merkealditan jende mugimendu haundiagoa ote dabilen galdetuta, Hernaniko komertzio batzuek erantzun dute Kardaberaz kalea gutxinaka hiltzen ari dela eta bestela ere, merkealdirik gabe, ez dela apenas jenderik ibiltzen.
Beste komertzio batzuek ordea, diote jendeak erosi beharrekoa merkealdi aurretik aukeratzen duela eta gero merkealditan etortzen direla erostera. Hauek hala ere gutxiengoa direla ere azaldu dute.
Urtean zehar ere mugimendu dezente izan duten komertzioek aldiz, diote merkealditan ez dela alde horretatik diferentzia haundiegirik izaten eta merkealditan ez dela salmentan diferentziarik izaten.
Erosteko gomendioak
Kontsumitzaileen elkarteek merkealditan gomendioak ematen dizkiete erosleei, adi ibili daitezen. Gogorarazten dute merkealdiak izan ala ez dendek baldintza berak eskaini behar dituztela: tarjetarekin ordaintzerakoan, aldaketa edo dirua itzultzeko eskatzeko garaian. Tenporadako produktuak dira merketzen direnak eta bi prezioak azaldu behar dute tiketetan. Tiketa gordetzea komeni dela azaltzen dute eta erosketa planifikatzea ere bai.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!