Arratibelek dio ´deskalifikazioa Ezker Abertzalearen ingurutik` datorrela

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 6a, 03:00

Hirigintza Zinegotziaren ustetan beraiek gauzak argitu besterik ez dituzte egin. Alegazio guztiak kontuan hartzen ari direla dio.

UdALEKO Hirigintza Zinegotziak, Iñaki Arratibelek, prentsa ohar bat bidali du Hernaniko Kronikara, Bildu Hernaniri erantzuteko. Zinegotziak bidalitako idatzian dioenez ´Arau Subsidiarioen errebisioaren inguruko deskalifikazioak eta irainak Bildu Hernanik eta bere ingurukoek hasi zituztela gogoratu beharra dago`. Arratibelek dio hasitako prozesua ´irekia, gardena eta parte hartzailea` dela eta gaineratzen du ulertzen duela zergatik ez den ´lau urtez hirigintza ezkutuan` egin dutenen gustokoa: ´guk gauzak argitu besterik ez ditugu egin eta talde horren benetako asmoak aditzera eman`, dio. Galderak BHri Iñaki Arratibelen ustetan Bildu Hernaniri egindako hainbat galdera ´zehatz` erantzunik gabe daude oraindik: ´Txantxillako lursailen %40 udalarena zen, baina bertan soilik %20 babeseko etxeak eraikitzea erabaki zuten aurreko agintaldian Frailek eta bere taldeak. Zergatik?`. Galarretari buruz ere hitz egiten du zinegotziak eta zera galdetzen dio BHri: ´Galarretan %65 etxe babestuak izan beharrean, %20 xume izan ziren. Dena korrika batean kalifikatu zuten. Zergatik?` galdera horiek ´hernaniarrek jakin nahi dituzten erantzunik gabeko zenbait galdera` direla adierazten du Arratibelek. Alegazioak Arau Subsidiarioen ´errebisio prozesuari buruz` prentsa oharrak dio ´zorionez` politikarien eztabaiden gainetik aurrera dijoala eta ´arlo askotako eta irizpide ezberdinetako herritar asko` igaro direla Udaletxetetik. Modu berean, Arratibelek bidalitako prentsa oharrean azaltzen denez ´alegazio guztiak kontuan hartuko ditugu hasierako testuaren hobekuntza bat direlako`. Bestalde, Ezker Abertzaleari zera proposatzen dio: ´guztiari ezetz esatearen jarrera hori alde batera utzi eta ekarpen positiboak` egitea. ´Egia biribila inork ez duela uste dugu eta hernaniarren bizi kalitatea hobetuko duten alegazio guztiak onartzeko prest gaude`, dio Arratibelek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!