‘Donosti Cup’ Torneoko partiduak Hernanin osteguna arte

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 5a, 03:00

Futbol torneoak hilaren 9 arte iraungo du eta Hernanin zortzi partidu jokatuko dira egunero. Hernaniarrik badago tartean.

ATZO izan ziren Hernanin Donosti Cup Futbol Torneoko lehenengo partiduak. Torneoaren inaugurazioa igandean egin zen Donostiako Anoetako estadioan. Herrialde askotako taldeek parte hartzen dute Donosti Cup-en eta aurten 4.000 futbolari inguru arituko dira zelai ezberdinetan. Zubipeko partiduak Partiduak jokatuko diren zelaietako bat da Zubipe. Bertan zortzina partidu jokatuko dira egunero osteguna bitartean. Partidu bakoitzak 50 minutu irauten ditu (25 minutuko bi denbora) eta 12 urtetik 19ra arteko neska-mutilek hartzen dute parte bertan. Senegaldarrak hernaniarren kontra Atzo jokatu ziren partiduen artean Institut Diambars taldearena dago. Saly herritik datoz, Senegaleko kostatik, eta euria eginagatik ere giro polita jarri zuten danborra jo eta bertako abestiak kantatzen. Bihar berriro izango dira Hernanin, El Muro taldearen kontrako partidua jokatzeko. Talde honetan C.D Hernaniko hainbat kadetek hartzen dute parte. Partidua 13:00etan izango da. Gaur Hernanin izango dira talde hauek besteak beste: Team Forca eta Soccerpo portugaldarrak, Maspalomas kanariarra eta Zeneta La Villa murtziarra. Idrissa Gana Gueye: ´Futbolean txapeldun eta bizitzan txapeldun izan nahi dut` IdriSSA Gana Gueye, Diambars talde senegaldarrarekin etorri da Hernanira. Bera Dakar-ekoa da eta 7 urtetatik dabil futbolean jokatzen. Kirol honetan zergatik hasi zen galdetuta, esaldi borobil batekin erantzuten du: ´Futbolean txapeldun eta bizitzan txapeldun izan nahi dudalako`. Lehengo urtean ere bertan izan zen eta inguru polita dela dio. Atzo euritan blai jokatu zuten senegaldarrek, baina Idrissari horrek berdin dio ´gustatzen zait, ohituta gaude`, Senegalen ere euria egiten baitu askotan. Hernaniko zelai artifiziala ´horrelakorik bai ez dagoela bertan` dio afrikarrak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!