San Fermin egunarekin batera hasiko dira ostegunean Martindegiko festak

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 5a, 03:00

Dianak emango die hasiera San Ferminei Martindegin eta ostegunean herri afaria izango dute urtero legez. Festak asteburuan jarraituko dute eta lau egunetan zehar ekitaldi ugari antolatu dituzte.

MARTINDEGIN etzi, hilak 7, hasiko dira festak, San Fermin egunarekin batera. Aurten ere auzokoek ekitaldiz beteriko jaiak antolatu dituzte lau egunetan zehar. San Fermin eguna: afari herrikoia San Fermin egunean Dianak emango dio hasiera festari. Auzoko hildakoen alde meza izango da ondoren eta haur jolasak egun osoan zehar eta 36garren Tiro Karabina lehiaketa. Horretaz gain, eguerdian gazteek bazkaria antolatu dute. Eguneko ekitaldi garrantzitsuena izango da Oialumen egingo den afari herrikoia. Bertan parte hartu nahi duenak oraindik aukera dauka, gaur amaitzen baita txartelak erosteko epea. Txartelak salgai daude Oialumen bertan 20 eurotan. Afariaren ondoren dantzaldia izango da Etxabe anaiekin. Asteburu kargatua Asteburua gogotik aprobetxatuko dute auzotarrek, ekitaldi ugari baitituzte egun guztietan zehar. Ostiralean arratsaldeko 19:30etan Tortila patata Txapelketa izango da eta auzoko cheff-en obrak dastatzeko aukera izango dute Martindegira hurbiltzen direnek. Gero, sagardo dastaketa, ondorengo sagardotegiekin: Zelaia, Oialume-zar, Oiarbide, Sarasola, Mendizabal, Etxeberria, Larrarte, Gurutzeta, Petitregi eta Larre-gain. Larunbatean ez da aspertzeko denborarik izango. Goizetik, kalejira eta ´lo kuluxka` egingo dituzte, eguerdian Juan Mari Ormazabal Tturkori omenaldia eta auzoko presoei lore eskaintza, ondoren sokatira eta herri bazkaria. Arratsaldean berriz, zezenak izango dira txikientzat eta gaueko 23:00etan Imanol Paolla eta Antton Guardiren abereen dema. Goizeko ordu txikietan ´Platano dantza xelebrea` egingo dute ausartenek. Igandeko ekitaldi nagusiena eguerdiko euskal festa izango da, bertan aizkolariek eta harri jasotzaileek hartuko dute parte. Horretaz gain, Lizaso eta Peñagarikano bertsolariak izango dira. Arratsaldean trikitilari gazteen txapelketa, toka eta txinga frogak izango dira eta Etxabe anaien dantzaldiaren ostean, festei amaiera emango zaie, auzoan zehar kalejira eginez. Euskal Festa igande honetan MARTINDEGIKO jaien barruan, Euskal Festa izango da igande honetan. Festa eguerdiko 12:00etan hasiko da herri kirolekin. Aizkolarietan Azurmendi bakarrik arituko da Telletxea eta Etxeberriaren kontra. Harri jasotzea ere izango da, Aimar Irigoien errezildar gaztearen saioarekin. Irigoien lehengo urtean ere izan zen Martindegin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!