BHk dio Ezker Abertzalearen gestioa ´garbia, eraginkorra, gardena eta parte hartzailea` izan zela Udaletxean

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 4a, 03:00

Iñaki Arratibel Hirigintza zinegotziari gezurretan aritzea leporatu dio BHk, bere azken kartaren erantzunean.

Bildu Hernani plataformak prentsa ohar bat bidali du Hernaniko Kronikara, Iñaki Arratibel Hirigintza zinegotziaren azken kartari erantzunez. ´Arratibelek publikoki salaketa larriak egin ditu, Ezker Abertzaleko kideek egin izan duten Udal gestioari buruz eta BHk honakoa adierazi nahi du`, jartzen du prentsa ohar hasierak eta honela dio, lau puntutan: 1) ´Kezkagarria da, beren gestio kaxkarra ezkutatzeko irainak eta gezurrak zabaltzen dituzten pertsonek Udal karguak osatzea. Arratibelek botatako gezur eta deskalifikazioak bere talantearen adierazle dira, eta bere gestioan herrian sortu duen deskredituaren ispilu`. 2) ´Arratibel jaunak 1999-2003ko Ezker Abertzalearen agintaldian, Zinegotzi zela, nahikoa denbora eta zuzeneko informazioa izan zuen, Euskal Herritarrok taldearen lana salatzeko, baina, ez zuen egin. Zergatik orain horrelako zalapartak? frogaren bat baldin baduzu pelotazo, txantxullo edo legez kontrako gauzena, utzi txorakeriak eta joan behar duzun lekura joan demostratzera, epaitegietara. Behartuta zeundeke egitera, Hernaniko herriarekiko errespontsabilitateagatik. Eta frogarik ez baduzu, isil zaitez`. 3) ´Ezker Abertzalearen Udal gestioa garbia, eraginkorra, gardena eta parte hartzailea izan da. Hernaniko garapenari emandako onurak bistan dira, azken legegintzaldiko balantzea hernaniarren buruan dago, eta pozten gara horregatik. Zinikoa da Arratibelek besteren lanaren fruituak jaso nahi izatea, eta denbora galtzea gezur eta difamazioak sortzen. Oso lanpetuta behar lukeenean, porrot egin duten Arau Subsidiarioek sortu duten hirigintza blokeoa konpontzen, bere inkonpetentzia eta lan faltagatik`. 4) ´Bukatzeko, adierazi nahi dugu eraso pertsonalen aurrean Ezker Abertzaleak beti bezala segiko duela: apaltasunez lanean gure herriaren onerako`. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!