Mendiriz Mendik irteera antolatu du datorren astebururako, Tuc de Mulleres mendira (3006 metro). Plana da uztailaren 9an, datorren larunbata, irtetzea Hernanitik eguerdiko 12:00etan eta uztailaren 10ean igoko dute mendia eta buelta egin Hernanira. La Besurtatik igotzeko asmoa dute (1.900 metro), Forau de Arguallut-etik barrena, Garona ibaia lurperatzen den lekutik pasa eta Escaleta aranean gora egiteko. Goiko ibonean egingo dute hamaiketakoa (2.700 metro) eta hortik gailurrera ordubete eskas gelditzen da. Jaitsiera Vielhako tuneleko ipar aldera egingo dute. Ibilbideak ez du zailtasun teknikorik berezirik, baina, luzea da eta igoko diren leku beretik jaitsiko ez direnez, fisikoki ondo egotea komeni da. Izen emateko azken eguna, uztailaren 7a. Prezioa: 55 euro bazkideek eta 65 bazkide ez direnek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!